Hegoalde guztia pasako da astelehenean lehengo fasera. Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroa Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariarekin batera agerraldi batean eman ditu xehetasunak.
Fase berriak bi oinarri izango dituela nabarmendu du Illak: erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana erabakiak hartzerakoan eta zuhurtzia. Zuhurtzia inoiz baino garrantzitsuagoa dela azpimarratu du behin eta berriz. Astelehenetik aurrera, erkidegoek eskumena izango dute haurrak ateratzeko ordutegia egokitzeko beren egoera klimatologikoaren arabera.
Lehenengo fasetik bigarrenera hamalau eguneko tartea izango dela azpimarratu du Espainiako Osasun ministroak. Hartutako neurriak «eraginkorrak» diren edo ez jakiteko. Hala ere, egoera okertuz gero fase bat atzera egin ahal dela ohartarazi du Illak. Behin eta berriz oroitarazi du bi metroko segurtasun tartea eta garbitasuna mantentzea ezinbestekoa dela. Lehenengo fasean mugikortasuna probintzia barnekoa izango da, beraz norbere herritik atera ahalko da betiere probintzia barrenean bada.
Illa Osasun ministroak esplikatu du zer aldatuko den lehen fasean: herritarrek hamar lagunekin elkartzeko aukera izango dute; saltoki txikiak irekiko dituzte %30eko edukierarekin eta 65 urte baino gehiago dituztenentzako ordutegi bereziarekin; udalek azokak egin ditzakete, salmahaien erdiekin; terrazak ere mahaien erdiekin gehienez, eta mahaiko hamar lagun baino gutxiagorekin; eta hotelak irekiko dituzte.
Maiatzaren 18an itzuliko dira Batxilergoko bigarren mailako ikasleak ikasgeletara. Maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailakoen eta Batxilergoko lehen mailakoen txanda izango da, besteak beste.
Lehen fasea
Astelehenetik aurrera, lehen fasean sartuko da Hego Euskal Herria. Horren ondorioz, hainbat aldaketa egongo dira herritarren egunerokoan. Hauek dira, laburbilduta:
- Joan-etorriak. Probintzia barruan mugitu ahal izango da.
- Saltokiak. Denda eta negozio txikiak ireki ahal izango dira 400 metro karratu baino gutxiago dituztenak, segurtasun neurriak hartuta; saltoki handiak, ordea, ezingo dira ireki. Orain arte ez bezala, ez da zitarik hartu beharko dendetara joan baino lehen; gehienez ere, edukieraren %30 izango dute; eta garbitasuna mantentzeko neurriak hartu beharko dituzte.
- Ostalaritza. Terrazak ireki ahal izango dituzte, edukiera %50era mugatuta. Oraingoz, ezingo dute barnean bezerorik hartu.
- Lo lekuak. Hotelak eta lotarako lekuak ere ireki ahal izango dira, eremu komunak esaterako, jangelak eta egongelak erabili gabe.
- Erlijioa. Gurtza lekuak ireki ahal izango dituzte, betiere edukiera %30era mugatzen badute.
- Hilak. Hil beilak egiterakoan, baldintzak arinduko dituzte eta taldeak handitu. Gehienez ere, hamabost lagun elkartuko dira aire zabalean egiten badituzte; leku itxietan badira, berriz, hamar.
- Kirola. Aire zabalean dauden kirol instalazioak irekitzeko aukera egongo da, bertan egingo diren kiroletan kontaktu fisikorik ez badago adibidez, atletismoa, tenisa.... Gainera, aukera egongo da kirol zentroetan jarduera indibidualak egiteko, aurretik txanda hartuz, kontaktu fisikorik gabe eta aldagelak erabili gabe.
- Erlazioak. Harreman sozialak berreskuratu ahalko dira fase horretan, adineko jendearekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik. Espainiako Gobernuak zehaztu duenez, gehienez hamar pertsonako taldeak elkartzeko aukera egongo da, etxean nahiz kalean. Bi metroko distantzia mantendu beharko da, eta garbitasun neurriak errespetatu.
- Garraioa. Bederatzi eserlekurainoko autoetan batera ibiltzeko aukera izango dute etxe berean bizi diren pertsonek; etxe berean bizi ez direnen kasuan, berriz, ilara bakoitzeko gehienez bi lagun joan ahal izango dira, eta maskarak jantzi beharko dituzte.