Koronabirusa

Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, maiatzaren 18an hasiko dute ikasleek ikasgeletara buelta

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko mai. 7a, 15:02

Behin behinean, maiatzaren 18an hasiko dira ikasleak ikasgeletara buelta egiten. Ikastetxeetara itzulera ere, printzipioz, faseka egingo da. Hezkuntza Sailak hainbat neurri ezarri ditu.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek egindako agerraldian zehaztu duenez, ikasleak ikasgeletara itzulerari ekingo diote aurki. Osasun egoerak hala izatea ahalbidetzen badu, maiatzaren 18an hasiko dira ikasleak ikastetxeetara buelta egiten.

Ikastetxeetara itzulera ere faseka gauzatuko da. Bideari ekiten lehenak izango dira Batxilergoko bigarren mailako ikasleak, Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetako ikasleak, eta Lanbide Heziketako oinarrizko eta erdiko mailetako bigarren mailako ikasleak; horiek guztiak maiatzaren 18an burutuko dute ikastetxeetara itzulera.

Astebeteko tartearekin, maiatzaren 25ean, ikasle gehiagok hartuko dute bide bera: batxilergoko lehen mailako ikasleak, Lanbide Heziketako oinarrizko eta erdiko mailetako lehen mailako ikasleak eta DBHko laugarren mailako ikasleak.

Eskoletara itzulera ezingo balitz gauzatu maiatzaren 18an, aipatu ikasle horiek guztiek batera egingo lukete ikasgeletara buelta, maiatzaren 25ean.

Egunean bost ordu emango dituzte ikasleek ikasgeletan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zenbait neurri ezarri ditu ikastetxeak betetzen direnerako: metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da eta maskarek erabili beharko dira, izan eskola orduetan zein atsedenaldian.

Atsedenaldiak ordu-tarteko egin beharko dira, ikasle guztiak ordu berean pilatu ez daitezen. Jantokiei dagokienez, ostera, momentuz ez da jantoki zerbitzurik egongo.

Zentroetako sarrera eta irteera uneak antolatzea ikastetxe bakoitzaren esku utzi du Jaurlaritzak, baina sarrera eta irteerak mailaka egin beharko direla adierazi du Uriartek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!