Liburu dendak, burdindegiak, tailerrak, ile-apaindegiak... Ia bi hilabetez itxirik egon dira. Bada, astelehenetik aurrera, berriro ere lanean hasteko aukera zuten. Hori bai, segurtasun eta higiene neurri zorrotzak agindu zituen Espainiako Gobernuak. Zenbait dekretu argitaratu zituen Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta horietan zehaztu zituen berriro lanean hasi nahi zuten negozioek nola egin behar zuten eta zein araubide jarraitu behar dituzten.
Eskualdeko herritarrak ere, konfinamendua arintzeko fase berriez jakitun, berehala jarri ziren martxan. Mari Pazek erabakiaren berri jakin bezain pronto hots egin zion Mariaje ile apaintzaileari eta atzo goizean izan zuen hitzordua. «Auzokoak gara eta albistea entzun bezain pronto deitu nion Mariajeri». Konfinamendu garaia etxean musukoak egiten pasa du Mari Pazek eta egindako horietako bat bere ile apaintzaileari eman zion atzo. Maskara jantzita bakarrik ez, eskularruak jarrita eta segurtasun neurri guztiak hartuta kasu egin zien bezeroei Mariajek. Bezeroentzako erabiltzen dituen mantalak ere aldi bakar batean erabiltzekoak dira eta oinetako azpiak ile apaindegira sartzerako alkoholarekin desinfektatzen ditu. «Banaka hartu behar ditudanez, egunean zehar pilatu egiten zaizkit hitzorduak eta dezenteko lana izan dut egunotan», aipatu du ile apaintzaileak.
Eguerdian atsedenik hartu gabe ari da Gorka hortz klinikan. «Lankide batek eguerdira bitarte egiten du lan, eta besteak arratsaldez; eguerdian ez dugu klinika ixten», dio. Bi gela dituzte klinikan eta txandaka erabiltzen dituzte. «Bat husten denean erabat desinfektatzen dugu eta bitartean bestean hartzen ditugu pazienteak». Pantaila, eskularruak, musukoak eta beharrezko neurri guztiak hartzen dituzte, eta erabilitako material guztia plastikoz estaltzen dute. «Plastikoa desagertzera zihoala zirudienean, orain inoiz baino gehiago erabiltzen dugu», nabarmendu du. Urgentziazko kasuak soilik artatu dituzte alarma egoeran, baina astelehenetik ohiko kontsultak pasatzen ari dira eta Gorkak dio lanpetuta hasi dutela alarma egoerako fase berria.
Hitzordua eskatuta ari dira lanean, baita ere, Noraren arropa dendan. «Pare bat bezero etorri ziren astelehen goizean, beste pare bat arratsaldean, ea pixkana martxa hartzen dugun». Dendaren atarian jarri dituzte eskularruak eta eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa. Konfinamendu garaian, webgunea jarri dute martxan eta «zerbait» saldu dela aipatu du, baina aurrez aurreko tratuak beste aukera batzuk eskaintzen dituela uste du. «Ateak irekita ikusterakoan, jendeari aukera ematen diogu, sartu eta hitzordua eskatu dezan». Bitartean, barruko zenbait lan egiteko baliatzen ditu dendan ematen dituen orduak.
Astelehenetik liburu dendek ere ateak irekitzeko baimena dute. Fabik, ordea, ez ditu ateak itxi konfinamendu garaian, eguneroko prentsa ere saltzen duelako. «Aurretiazko hitzorduarena zenbait kasutan arraroa da. Nork eskatzen du aurrez zita bat liburu bat erosteko?». Orain goizez bakarrik zabaltzen dute liburu denda eta langile guztiak aritzen dira lanean. «Gogorra izan da, atsedenik gabe aritu garelako». Aurreko asteetan bezala, segurtasun neurriak hartuta bezeroei arreta eskaintzen jarraitzeko asmoa agertu du Fabik.