Koronabirusa

«Ikasle gutxik daukate etxean ordenagailu bat»

Ataria 2020ko mai. 8a, 11:00

Vanesa Alzalete eta Marian Delgado. ATARIA

Ekainaren 24an amaituko dute ikasturtea Peñascal Kooperatibako ikasleek; bitartean, ezohiko egoerara egokitu nahian eta arrakala teknologikoari aurre eginez, bakoitza ahal duen moduan ari da etxetik lanean.

Martxo erdian joan ziren azkenekoz klasera Peñascal Kooperatibako ikasleak. Ordutik, etxetik ari direla lan egiten azaldu dute Marian Delgado ikasketa arduradunak eta Vanessa Alzate irakasleak. Ikasleen «baliabide faltak», ordea, normaltasunez lan egiten jarraitzea eragotzi die, eta momentuz, Whatsapp aplikazioaren bidez dute harremana ikasle gehienekin.

Nola antolatu zarete krisi egoeraren aurrean? 

Vanessa Alzate: Ezustean harrapatu gintuen albisteak. Ez geneukan aurreikusita eta ezin izan genuen ezer prestatu. Kontua da gure ikasle oso gutxik daukatela ordenagailu bat etxean edota interneterako sarbidea. Baliabide horiek gabe zaila ikusten genuen haiekin komunikatzea, eta errazena Whatsapp bidez izan zitekeela pentsatu genuen. Gainera, gela bakoitzeko Whatsapp taldeak sortuak genituen aurrez. Talde horretara lanak bidaltzen ditugu: gehienbat konpetentzia basikoak, gaztelania, matematika edota natur zientziak esaterako. Beraiek egiten dituzten lanei argazkiak ateratzeko eskatzen diegu, eta guri bidaltzeko. Bestetik, zentroetan edo tutoretzapeko pisuetan dauden ikasleei e-mail bidez bidaltzen dizkiegu lanak, haien hezitzaileekin kontaktua baitugu. Horiek, ordea, gutxiengoa dira. Arrakala teknologiko hori nabarmena da gure kasuan.

Marian Delgado: Ikasle atzerritarren portzentai altua dugu, baina era berean, ikasleen familia asko egoera zailetan bizi dira, lan edo ekonomia egonkorrik gabe. Beraz, kontua ez da teknologia arrakalara soilik mugatzen. 

«Gehiago kezkatu gintuen ikasleen egoera orokorrak, formakuntzak baino»

Laguntzarik eskatu duzue ikasle horiei baliabide horiek bermatu ahal izateko?

M. D.: Ez dugu eskatu, izan ere, lehen momentutik ikasleek zeuzkaten baliabideetara egokitzen saiatu gara. Horren arabera antolatu dugu guztia. Gainera, lehen astean gehiago kezkatu gintuen gure ikasleen egoera orokorrak, ea zer moduz zeuden eta zerbaiten beharrik ote zuten. Formakuntzan baino arreta handiagoa jarri genuen haien egoeretan. Lehen aste horretan ia ikasle guztiekin jarri ginen harremanetan, zer behar zeuzkaten identifikatzeko. 

Egunero bidaltzen dizkiezue lanak?

V. A.: Ez diegu eskatzen egunero konektatzeko. Aste hasieran bidaltzen dizkiegu arlo ezberdinetako lanak eta astean zehar beraiekin hitz egiten dugu, zer moduz doazen jakiteko. Eta aste bukaeran jasotzen ditugu.

Peñascalen, gainera, praktikaldietan indar berezia jartzen duzue. Nola daramazue gaia? 

V. A.: Praktika guztiak eten egin ziren, beraz, orain saiatzen ari gara praktikoa ez den gainerako guztia lantzen. Gero iritsiko da garaia praktikoa gehiago lantzeko.

M. D.: Gure ikastetxean ebaluazio jarraitua egiten dugu, beraz, lortzen ari diren konpetentziak baloratuko ditugu. Praktikaldiei dagokienez, martxoaren 27an ziren praktikak egiten hastekoak eta bertan behera geratu dira. Bi espezialitate ditugu: Ostalaritza batetik eta Soldadura bestetik. Ostalaritzan ia ezinezkoa ikusten dugu praktikaldiak egin ahal izatea eta Soldaduran ikusi egin beharko dugu, ea ikasle batzuk aukerarik baduten dagoeneko lotuta zeuden praktika horiek egiteko. Bestalde, hezkuntzak modulu berri bat jarri du martxan: praktikak soilik egin beharrean praktikak eta proiektu bat egitea. Beraz, bigarren mailako ikasleak hurrengo astean etxetik proiektua lantzen hasiko lirateke.

«Praktikak eten egin direnez, gainerako materia guztia lantzen ari gara»

Ikasturte amaiera nola irudikatu duzue?

M. D.: Momentuz ikasturtea ekainaren 24an amaituko da. Lehen mailako ikasleekin ez da arazorik izango, ebaluazio jarraitua dugulako. Irailean klaseetara bueltatzen direnean praktika gehiago landuko dugu, egin ez dutena berreskuratzeko. Eta lehen mailan hasten direnekin normaltasunez jarraituko dugu.

Zer moduz ari dira erantzuten ikasleak?

V. A.: Denetarik dago. Batzuen atzetik ibili behar izaten dugu, guraso eta hezitzaileekin hitz egin eta haien gainean egoten gara. Baina badira bestelakoak ere.

M. D.: Ikasle batzuekin gauza bitxia gertatu zaigu: ikasgelan ez zuten lan askorik egiten eta etxean bakarka egiten hasi direnean harrituta geratu gara zenbat lan egiten duten. Eta bada ikasgelan, taldean, hobeto lan egiten duenik ere. Denetarik dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!