Koronabirusa

Birusa uste baino hilabete bat lehenago heldu zen Europara

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2020ko mai. 5a, 12:26

Osasunaren Mundu Erakundearen Txinako bulegoak Wuhango lehen kasuen berri eman aurretik, COVID-19 gaixo bat atzeman zuten Paris inguruan.

Abenduaren 27an gaixo bat hartu zuten Paris inguruko ospitale batean. Pneumonia diagnostikatu zioten. Eztul lehorra eta sukarra zituen, baina, oraindik ez zegoen COVID-19ren gaitzaren berririk Txinatik. Gaitzak izenik ere ez zuen orduan. Izan ere, lau egun geroago eman zuen Osasunaren Mundu Erakundeak gaitz ezezagun baten berri, Txinako Wuhan hiritik zetorren informazioa aipatuta.

Paris inguruko Bobigny herriko biztanlea da gizona. Sendatu egin da geroztik, eta Frantziako hedabideei esan dienez, ez zuen inora bidaiatu gaixotu aurretik. Alta, haren emazteak Parisko Charles de Gaulle aireportutik gertuko supermerkatu batean egiten du lan. Gizonari azterketa egin berri diote, eta COVID-19 gaitza pasatutakoa dela baieztatu dute. Emaztea aztertzen ari dira orain.

Frantziako lehenengo kasu ofizialak urtarrilaren 24an baieztatu zituzten, eta guztiak Wuhandik heldutako pertsonak ziren, edo horien gertukoak.

Beraz, Bobignyko gizonaren kasuak erakutsiko luke Frantzian orain arte uste baino ia hilabete bat lehenago ari zela birusa zirkulatzen.

Lehen gaixoaren bila

Ikertzaileak Txinatik kanpoko lehen gaixoaren bila dabiltza, izurria nola zabaldu zen jakiteko. Europako lehen kasu ofiziala, orain arte, Alemaniako gizon bat zen: Txinan urtarrilaren erialdean egondako lankide batek kutsatu zuela uste dute.

AEBetan ere, lehen kasu ofiziala atzeman baino hilabete bat lehenago hil zen gizon bati birusa aurkitu diote autopsian.

Euskal Herrian joan zen otsailaren 28an baieztatu zituzten lehenengo bi kasuak. Eusko Jaurlaritzak orduan esan zuenez, biak Euskal Herritik kanpo kutsatu ziren, bata Italian eta bestea Andaluzian (Espainia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!