Koronabirusa

Pilotariak kirolari profesionalen "pasaportea" lortzeko zailtasunekin

Ataria 2020ko maiatzaren 4a

Aspe eta Baikoko pilotariek ez dute inolako federazio lizentziarik naiz.eus-ek zabaldu duen albistaren arabera. Horrek, "zaildu egin diezaieke Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak kirolariei entrenatzeko banatuko dien 'pasaportea' eskuratzen".

Azken hamarkadetan, enpresa profesionalen eta pilota federazio desberdinen arteko harremanek txarrera egin dutela dio Jon Ormazabal kazetariak. Horren adibidea da iaz gertatu zena: enpresek (EPEL) euren epaile propioak jartzea erabaki zuten, federazioetatik aparte. Ormazabalen esanetan, erabakiaren ostean harreman guztiak erabat agortu ziren.

Larunbatean, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak kirolari profesionalek entrenatzera itzultzeko aukera izango zutela esan zuen. Bete beharreko protokoloa ere plazaratu zuen. Aspe eta Baikoko pilotariek inolako lizentziarik ez dutenez, Ormazabalen esanetan arazoak izan ditzakete "kirolariak" direla frogatzerako orduan. Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren aurrean aurkezteko duten dokumentu bakarra Aspe ta Baikorekin sinatutako hitzarmena dela dio naiz.eus-eko kazetariak. Entrenatu ahal izateko, beraz, kontseilu horrek hitzarmen horiei balioa eman beharko lieke.

Naiz-en esanetan, enpresetatik oraindik ez diete gaiaren inguruko inolako informaziorik eman pilotariei, eta hauek ez dakite frontoietara noiz itzuli ahal izango duten.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!