Sinadura-bilketa abiatu dutenek azaldu dutenez, txikitan lotura estua eduki zuten ETB1ekin, euskarazko kateak eskaintzen zuen programazioa lehiakorra eta gainera euskalduna zela azpimarratuz. Gaur egungo egoera, ordea, “erabat ezberdina” dela uste dute, “euskaldunon desio eta beharrak asetzen zituen zerbitzu publikoa ez da gai izan konexio hori mantentzeko”.
Beraien ustez, “penagarria” da ETB1ek gaur egun daukan audientzia –apirilean %1,2ko share-a– eta katearen programazio eskasari leporatu diote datu hori. “Gutxi dira ikusleon arreta bereganatzeko gai diren programak, eta asko, inmobilismoan iltzaturik, astero telebistan jarraitzen dutenak. Inolako arrakastarik gabe, espazio eta tarte bat betetzearren soilik, edukiari inolako garrantzirik eman gabe. Zuzendaritzak gure katearen aldeko apustua alde batera utzi duela dirudi batzuetan”.
“Era sinbolikoan” dago ETB1 martxan gaur egun ekimena bultzatu dutenen arabera, “ia-ia apaingarri modura”. Eta egoera hori kontrastean jarri dute euskal hiztunen eboluzioarekin: “VI. Inkesta Soziolinguistikoko datuek adierazten duten bezala (7. orrialdean zehazki), 1991an 16-24 urte bitartekoek euskaldunon %22,5 osatzen zuten. Gaur, aldiz, ehuneko hori %55,4eraino iritsi da”. Egoera hori kontuan izanda, EITB Nahieran bezalako plataformak indartzeko beharraz ohartarazi dute: “Izugarrizko garrantzia izan beharko luke etorkizunerako eduki berri eta anitzagoa gehituz, egungo telebista mugikor, ordenagailu eta hainbat gailutan ikusten dela onartuz. Berritu ala hil”.
Euskarazko kate publikoaren berrikuntza eskatzen duen sinadura-bilketaren bultzatzaileek bikoizketaz ere hitz egin dute. Urte eta erdi baino gehiago daramate Bieusen biltzen diren euskal bikoiztaileek greban, urtetik urtera gutxitzen joan delako film, telesail eta marrazki-bizidunen euskarazko bikoizketa, horren ondorioz sektoreko profesionalen lan-baldintzak okertuz, erreportaje honetan kontatu genuen bezala
Change.org bidez egin dezakete bat herritarrek ETB1 aldatzearen aldeko eskari honekin.