Koronabirusa

Zer aldatuko da gaurtik aurrera?

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko mai. 4a, 09:51

Hego Euskal Herriak 0 fasea hasi du astelehen goizean. Denda eta negozio txikiek lanean hasteko aukera dute, eta ostatuek etxera eramateko janaria prestatzen hasi ahalko dute. Eta etxeko obrei ere berrekin ahalko zaie. Kirolari profesionalak banaka itzuliko dira entrenamenduetara. Maskarak derrigorrezkoak izango dira garraio publikoan. Espainiako Gobernuak igande arratsaldean eman ditu xehetasunak.

Espainiako Gobernuak lau fase zehaztu ditu konfinamendua arintzeko. Hauek dira urratsak:


Prestaketa (maiatzaren 4tik aurrera)

  • Umeek kalera atera ahalko dute, muga batzuekin (apirilaren 26tik).Kirola egitera eta paseatzera atea ahalko dute helduek ere, muga batzuekin (maiatzaren 2tik aurrera, printzipioz).
  • 65 urtez gorako pertsonek eta arrisku taldeetan daudenek kalera irteteko aukera izango dute, muga batzuekin (maiatzaren 4tik aurrera, printzipioz).
  • Denda txiki eta negozio batzuek lan egin ahal izango dute, baina edukiera murriztuta eta txanda hartzen duten bezeroentzat bakarrik.
  • Hildakoei beilak egiteko modua zehaztuko dute, taldea mugatuta.
  • Etxeko baratzeak lantzen utziko dute, baratze hori norbera bizi den herrian edo aldamenean baldin badago, eta segurtasun neurriak hartzen badira.
  • Etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxe eta negozioek lanean hasi ahalko dute.
  • Kirolari federatu eta profesionalek banaka entrenatzen hasi ahal izango dute, baldintza batzuekin.
  • Leku publikoak prestatzen hasiko dira, segurtasun baldintza berrien arabera.


Arintzearen hasiera (maiatzaren 11tik aurrera, okerrik ezean)

  • Probintzia barruan mugitu ahal izango da, jarritako baldintzen barruan.
  • Denda eta negozio txikiek ireki ahal izango dute, segurtasun neurriak hartuta.
  • Saltoki handiek ezingo dute ireki oraindik.
  • Ostatuek terrazak ireki ahal izango dituzte, edukiera %50era mugatuta. Ezingo dute barnean bezerorik hartu.
  • Hotelek eta lotarako lekuek ere ireki ahal izango dute, baldintza batzuk jarrita.
  • Alarma egoeran geldiarazita egon diren elikagaiaren industriak martxan jarriko dira.
  • Gurtza lekuek ireki ahal izango dute, edukiera %30era mugatuta.
  • Hildakoei beila egiteko baldintzak arindu eta taldeak handituko dituzte.
  • Kirolari profesionalen entrenamenduetan murrizpenak arintzeko asmoa dute.
  • Harreman sozialak berreskuratu ahalko dira, adineko jendearekin eta arrisku taldeetan daudenekin izan ezik. Espainiako Gobernuak agindu baten bidez zehaztuko du zenbat jende elkartu ahalko diren zita horietan, eta nola.


Tarteko fasea (maiatzaren 25etik aurrera, okerrik ezean)

  • Taberna, jatetxe eta ostatuek barnean ere bezeroak hartu ahal izango dituzte, edukiera %50era mugatuta.
  • Zineak, antzokiak, auditorioak, aretoak, museoak... ireki ahal izango dituzte, edukiera %30era mugatuta.
  • Areto itxietan kontzertuak egin ahal izango dira, edukiera %30era mugatuta.
  • Aire libreak kontzertuak egitekotan, eserita izan beharko dute, eta 400 pertsona arte bildu ahalko dituzte.
  • Gurtza lekuek edukieraren %50 arte betetzeko aukera izango dute.
  • Ehiza eta arrantza baimenduko dituzte.
  • Eskolak, oro har, itxita egongo dira irail arte, baina salbuespen batzuekin; adibidez unibertsitaterako proba prestatu behar duten ikasleentzat irekitzeko aukera egon liteke.
    Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako, Batxillergoko bigarren mailako eta Lanbide Heziketako bigarren mailako ikasleek klasera itzuli ahal izango lukete, hamabost ikaslerekin gelako gehienez, eta modu boluntarioan beti.
  • Gurasoek presentzialki lan egin behar duten kasuentzat, 6 urtez azpiko umeentzat haur eskolak irekitzeko aukera ere aipatu du.


Malgutzea (ekainaren 1etik aurrera, okerrik ezean)

  • Mugikortasunean murrizketak arintzeko asmoa du Espainiako Gobernuak; ez du xehetasun gehiago eman.
  • Saltokiak orobat irekitzeko asmoa du gobernuak, edukieraren erdia betetzeko aukera emanez, eta bi metroko tartea gordearaziz bezeroei.
  • Taberna, jatetxe eta ostatuei ere arindu nahi dizkie mugak.
  • Zahar etxeetarako bisitak fase honetatik aurrera baimentzeko asmoa du Espainiak. Agindu zehatz bat prestatuko du horretarako.

 

Liburu dendak, burdindegiak, tailerrak, ile-apaindegiak, konponketak egiteko dendak... Ia bi hilabetez itxirik egon dira. Segurtasun eta higiene neurri zorrotzak agindu ditu Espainiako Gobernuak, gaurtik aurrera lanean hasi nahi badute.

Zenbait dekretu argitaratu ditu Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta horietan zehaztu ditu berriro lanean hasi nahi duten negozioek nola egin behar duten eta zein araubide jarraitu behar dituzten.

Hau da gaurtik aurrera aldatuko dena:

Dendetan

Denda eta negozio txikiek irekitzeko aukera izango dute maiatzaren 4tik aurrera. 400 metro koadro edo gutxiago dutenek hasi ahal izango dute lanean. Saltoki handietan dauden dendek ezingo dute ireki, ez baldin badute sarrera bat kanpoko aldetik, behintzat. 400 metro koadrotik gorako azalera dutenek ezingo dute lanean hasi oraingoz.

Txanda hartu beharko da denda horietara joateko. Eta aldi bakoitzean bezero bakarra artatu beharko dute. Ezingo dira itxaroteko eremuak antolatu dendaren barruan, eta kanpoan jendea pilatzea saihesteko moduan antolatzeko eskatu du gobernuak.

Printzipioz, bezero bakoitzeko saltzaile bakarra egotea da irizpide orokorra. Saltzaile berak ezingo ditu aldi berean bi bezero artatu. Eta bezeroak "beharrezkoa den denbora" soilik pasatu beharko du bertan. Erosgaiak jasotzeko mekanismoak jartzea gomendatu die gobernuak dendariei.

65 urtez gorako bezeroei kasu egiteko ordutegi bat jartzea aholkatu du Madrilek, eta, ahal bada, paseatzeko edo kirola egiteko ordutegien barruan.

Konfinamendu garaian lanean aritu diren janari dendek-eta orain arte bezala jarraitu ahalko dute lanean.

Erostunek herri barruan soilik egin ahalko dituzte erosketak, baina salbuespen bat utzi du gobernuak: bezeroak erosi behar duen hori eskaintzen duen dendarik ez badago bere herrian, orduan bai joan ahal izango du beste herri bateko denda batera.

Denden jabeei baldintza ugari jarri dizkie dekretuak: egunean bitan garbitu eta desinfektatu beharko dute lokala; ixterakoan egin beharko dute garbiketa bat derrigor, eta bestea egoki ikusten dutenean, eta horretarako denbora tarte batez denda ixteko aukera izango dute. Garbiketa egin ostean, babeserako erabilitako gailuak zakarretara bota beharko dituzte.

Langileek txanda aldaketak egiten badituzte, orduan ere egin beharko da garbiketa. Eta langile bat baino gehiago dauden negozioetan, haientzako lekuetan ere desinfekzioak egin beharko dituzte. Laneko arropak egunero garbitu beharko dituzte, gainera. Aireztatze sistema egokiak jartzeko ere eskatu diete.

Dendetako komunak ezingo dira erabili, oso premiazko egoeraren batean ez bada. Eta erabili behar badira, berehala garbitu beharko dituzte.

Jantzien probalekuekin, beste horrenbeste: bezeroek banaka sartu beharko dute, eta saltzaileek desinfektatu egin beharko dituzte bezeroak erabili ondoren. Bezero batek probatu baina erosi gabe utzitako arropak ere nolabait garbitu beharko dituzte dendariek.

Langileei babes neurriak eman beharko dizkiete jabeek: maskarak (derrigorrezkoak izango dira bi metroko tartea gorde ezin den lekuetan; besteetan, hautazkoa), eskuak garbitzeko hidroalkohola...

Negozio horientzat lan egiten duten beste enpresetako langileek ere (hornitzaileek, adibidez) zaindu beharko dituzte segurtasun neurriak, eta beharko dituzte babes tresnak.

Denda barruan distantzia gordetzeko seinaleak, markak eta abarrekoak jarri beharko dituzte jabeek, eta segurtasun tarteak gorde ezin diren lekuetan egokitzapenak egin beharko dituzte. Pantailak eta halakoak ere jarri beharko dituzte, beharrezkoa denean.

Babes neurriekin lanean ari direnek gutxienez metro bateko tartea gorde beharko dutela aipatzen du dekretuak; babes neurriekin lanean ari direnek, bi metrokoa.

Bezeroentzat, sarreran eskuak garbitzeko gela jarri beharko dute, eta mukizapiak-eta botatzeko zakarrontziak ere bai, ahal bada tapa dutenak, eta eskurik erabili gabe irekitzen direnak.

Gaixo dauden langileek eta berrogeialdian daudenek ezingo dute lanera joan.

Autozerbitzuak dauden tokietan, ezingo dute bezeroek zuzenean erosgaia hartu; negozioaren jabeak jarri beharko du langile bat. Eta probatzeko produktuak eta halakoak debekatu egin ditu dekretuak.

Jantokietan

Janaria prestatzen duten lokalak eta jatetxeak edo ostatuak ere lanean hasi ahalko dira maiatzaren 4an, baina muga batekin: ezingo da otordurik egin lokal horietan. Jakiak etxeetara bidali beharko dituzte, edo bezeroek lokalera joan ahalko dute, jakiak jasotzera.

Dekretuak aipatzen du negozio horiek ere jarri ahalko dituztela 65 urtez gorako pertsonentzako edo behar bereziak dituztenetzako ordutegi zehatzak.

Aholkatu dute eskaria telefonoz edo online egitea, eta jantokiak bezeroari ordu zehatz bat ematea, bila joan behar badu. Nahi dute saihestu jatetxeen kanpoan-eta jendea pilatzea.

Eskariak jasotzeko orduetan soilik egon daitezke irekita jendearentzat; gainerako orduetan, ateak itxita jardun beharko dute.

Jakiak jasotzera lokalera joango diren bezeroak banaka artatzea gomendatu dute, lokalak ez badu segurtasunik bermatzen aldi berean bezero bat baino gehiago egoteko barruan. Lokalaren barruan beharrezko denbora solik egoteko eskatu diete bezeroei.

Denden kasuan bezala, distantzia fisikoa eta higienea zaintzea funtsezkoa izango da. Seinalek eta markak jarri beharko dituzte jabeek, eta babeserako materiala eta gaiak eman beharko dizkiete langileei. Bezeroentzat, sarreran eskuak garbitzeko gelak jarri beharko dtiuzte.

Bestela, garbiketa eta higiene neurriak zorrozteko arauak ere ezarri dizkie, dendei bezala.

Gaixorik dauden langileek edota berrogeialdian daudenek ezingo dute lanera joan.

Obra eta konponketa lanetan

Igeltseroek, iturginek, elektrizistek, arotzek eta antzeko gremioek ere lanera itzuli ahal izango dute maiatzaren 4tik aurrera, obrak edo lanak egin behar dituzten tokietan bizilagunekin gurutzatzea saihestuz.

Obrarekin edo lanekin zerikusirik ez duten pertsonekin "interferentziarik" ez egotea bermatu beharko dute lanera itzultzeko.

Etxe, lokal edo eraikin hutsetan lanean hasi ahal izango dute, eta besteetan ziurtatu beharko dute: bizilagunekin harremanik ez izatea lanaldian; langileak mugitzean eta materialak garraiatzerakoan, eremu komunetan ahalik eta gutxien ibiltzea; eta sarrera-irteerak lanaldiaren hasieran eta bukaeran egitea.

Garbitasun eta segurtasun neurriak hartu beharko dituzte langileek, jarduera horietan aritzeko.

Eraikineko zerbitzu sareekin (argia, ura, telekomunikazioak...) obrarako beharrezkoak diren lanak egiteko, eremu komunetan ibili ahal izango dute.

Kirol profesionalean

Kirola modu profesionalean egiten dutenek aire librean entrenatzen hasi ahalko dute maiatzaren 4an. Oraingoz, probintzia barruko mugetan ibili beharko dute.

Natur guneetara joateko aukera izango dute, baina, beren jarduera fisikoak hala eskatzen badu, itsasoan, erreketan eta abarretan ere ibili ahalko dute, eta beharrezkoa duten material eta ekipamendu guztia erabili ahalko dute.

Kirol egokituan aritzen direnek laguntzaile batekin irten ahal izango dute, baina biek maskarak erabili beharko dituzte, eta segurtasun tartea gordetzen saiatu beharko dute.

Entrenatzaileak jarraitu ahal izango ditu kirolarien saioak, baina distantzia gordeta.

Oro har, bi metroko tartea uzteko aholkatu dute, baina bizikletan, patinetan eta antzekoetan ibiltzen direnen kasuan hamar metroko tartean uzteko eskatu dute. Kirol egokituan dabiltzanak salbuetsita daude.

Federazioek eman beharko dizkiete akreditazioak, kirola egin ahal izateko.

Profesionalak izan gabe federatuta dauden beste kirolariek horretarako asteburuan jarritako baldintzetan egin ahalko dute kirola: 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara, eta udalerriko mugen barruan.

Klub profesional bateko kide diren kirolariek talde horien instalazioetan kirola egiten hasi ahalko dute. Zeini bere ligak emango dio horretarako baimena.

Kirol egokiatuarekin izan ezik, beti banaka egin beharko dituzte entrenamenduak.

Artxiboetan

Maiatzaren 4tik aurrera artxiboek ere ireki ahal izango dute. Ahal den neurrian telematikoki aritzeko agindu die gobernuak, baina presentzialki joatea ere eskatu ahalko dute herritarrek eta ikerlariek.

Artxibo bakoitzak aztertu beharko ditu bere baldintzak eta egin beharko ditu bere egokitzapenak. Lekurik ez dutenak ez dira behartuta egongo jarduera presentzialerako.

ezingo dira bertako baliabide informatikoak erabili; bakoitzak bere ordenagailua eta abarrekoak erabili beharko ditu.

Inork eskura eskatzen badu materialen bat aztertzea, material horrek gutxienez hamar egunez egon beharko du berrogeialdian, beste inork berriro kontsultatzeko.

Garraio publikoan

Maiatzaren 4tik aurrera, garraio publikoan derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea. Boluntarioak eta instituzioek behin erabiltzeko maskarak banatuko dituzte geltoki nagusietan, maiatzaren 4an bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!