"Hondarretatik eraikitako sormen lan bat da"

Jon Miranda Labaien 2020ko mai. 4a, 09:27

Ruben Sanchez Bakaikoaren (Zaragoza, Aragoi, 1975) lehen nobela da Hondarrak. Protagonista Xabier Sanz Surio Tupa da, 27 urte eman ditu kartzelan, eta espetxeko egunerokotasuna kontatzen duen bitartean, bere arbasoen lurraldean kokatutakoak biltzen ditu ere.

Behar batetik sortu al da liburu hau?

Bai. Ez nuen inoiz pentsatu horrelako liburu bat idatziko nuenik. Duela urte batzuk seguru ezetz esango nukeela, ez neukan buruan. Baina duela zazpi urte pare bat gauza gertatu ziren. Batetik, amatxiren memoria galera hasi zen, eta horrek berari hainbat galdera egitera akuilatu ninduen. Bestetik, euskal gatazka dago, 2010tik hona alderdi armatua indargabetu ahala, gure bizitzak baldintzatuta egon dira, eta bat-batean ikusten duzu egunerokoa aldatzen doala. Hortik zerbait ateratzeko nahia edo beharra ere banuen.

Post-gatazka deitzen zaion aro honetan zure ekarpena egiteko gogoa ere bazenuen hortaz, izan ere protagonistaren ahotan iritzia ere badago.

Argi dago gatazkan protagonista nagusietako batzuk etakideak izan direla, eta borroka armatu topiko politiko hori, eragin dituen gauza guztiekin. Horrelako pertsonaia bat nahi nuen, ez horrenbeste diskurtso politiko bat garatzeko, baizik eta pertsonaia horretan murgiltzeko; ETAn oso gazte sartu, kartzelan urte asko... ezagutu dezagun nolakoa den pertsonaia hori.

Tupak 27 urte ematen ditu Espainiako Estatuko espetxeetan zehar, eta ibilbide hori kontatzen du nobelak; amorrua, kezka, dolua... eta batez ere, bizirauteko presoak baliatzen dituen mekanismo asko kontatzen dira liburuan.

Nik esango nuke espetxearen gaineko nobela edo kontakizun bat dela. Kasu honetan espetxean dagoena etakide bat da, baina pasarte gehienetan espetxea eta preso bat da ikusten dena. Zenbait momentutan bere alderdi ideologikoa agertzen da, baina batez ere espetxea kanpora atera nahi nuen.

Aipatu duzun beste alderdia ere hor dago, memoriaren ariketa hori: Tuparen amatxi da Pilar, Uxue herrikoa, ama Julia ere boldada batean bertan bizi izan zen, eta memoria galtze hori dago. Zergatik baliatu nahi izan duzu belaunaldi arteko lotura hori?

Abiapuntua gure amatxiren memoria galera izan zen, niri beti gustatu izan zait kontu zaharrak entzutea, baina modu kontzienteago batean, apunteak hartzen eta abar, duela urte batzuk hasi nintzen. Nobelako protagonistak espetxean sartzean ikusten du berak familiari eragiten diona. Ikusten du bere senitartekoen bizitzak baldintzatuta daudela berak hartu duen bide batengatik. Orduan berak familiarekiko zor hori kentzeko edo, bere arbasoen gaineko lanketa hori egiten hasten da.

Eta gerra garaian esaterako, falangistekin lerratutakoak ETAn militatzen daude, adibidez.

Eman dezake oso gauza arraroa dela, baina ez da horrela eta ez da kasu bakarra. Zenbait kasutan bi belaunalditan ere pasatu da; aitita-amamak frankisten alde lerratu eta ondorengo belaunaldia kontrako lubakian jartzea. Paradoxikoa da. Kasu askotan ez da informazio transmisiorik egon.

Galerei buruzko nobela bat dela esango zenuke?

Hondarrak izenburuak ondo laburbiltzen ditu galera horiek; memoriarena, gerrarena, belaunaldien arteko transmisioarena, gatazkarenak eta abar. Ez nuke esango ezta ere nobela negatibo bat denik, hondarrak agertzen dira, baina hondar horiekin eraikitakoak ere azaltzen dira. Nobela bera hondar horietatik eraikitako sormen lan bat da. Hondarrei buruzkoa da, eta baita hondarrekin jolastekoa ere.

Nola egin duzu lan? Nola antolatu zara?

Duela zazpi bat urte egon nintzen lehen kontuak biltzen, eta hortik tarteka hartu eta utzi egin dut. Dokumentatu ere egin behar izan dut, bai espetxearen inguruan (preso eta preso ohirekin hitz egiten) eta baita Uxueri buruz ere. Uxue nahiko urruti izan dut beti, jaso dudana amatxiren bidez jaso dut.

Liburuak 'gipuzkoazentrismotik' ateratzen gaitu ere...

Niri oso polita egin zait. Uxuen hondarrak hitza bera amatxiren eskutik entzun izan dut, hondarras del café eta horrelakoak entzunda. Noizbait hitz egindako hizkuntzaren hondarrak jaso ditut, alegia. Niri oso ederra egiten zait inguru horretako euskarazko bizimodu eta eguneroko bat irudikatzea, Uxuek irudikatzen duen euskara, hango usaina... eta ederra da irudikatzea duela mende batzuk Uxue herria euskalduna zela.

Nobelako kontakizunean tartekatzen dira eskutitzak, egunerokoak, erromantze zaharren pasarteak eta noski, bertsoak. Espetxean zaletzen da Tupa bera.

Dokumentazio lan horretan ageri izan zaizkit horrelako kasuak; euskal preso gehienak Herrera de la Manchan zeudenean pilatuta euskara ikasteko barnetegia zuten, bertso eskola, adizkaritxo bat... eta izan dira pertsonak kartzela barruan euskaldundu direnak eta kartzela barruan hasi direnak bertsotan. Nire protagonista Gasteizkoa izanda, eta euskara gaztaroan ikasitakoa izanda, bertsolaritzarekin zaletzen da ere. 

'HONDARRAK'

  • Argitaletxea: Txalaparta, Amaiur bilduma.
  • 360 orrialde.
  • 2019.09.02 argitalpen data.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!