Koronabirusa

Etxealdia arinduz

Ataria 2020ko maiatzaren 2a

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak Konfinamendua arintzeko bertso txapelketa antolatu zuen. Dagoeneko saridunen izena ezaguna izango dute askok, baina euren lanez gozatzeko aukera dago segidan. Apirilaren 19a bitarte jaso ziren hogeita sei lanen artean ondorengoak dira saridun bihurtu direnak. Sari gisa, Harituzek argitaratuko duen material sortako karpeta eta koadernoen azaletan grabatuko dira irabazleen bertsoak.

HELDUEN MAILAKO IRABAZLEA

ANE ZUBIA ARANALDE (IBARRA)

Etorkizuna begi aurrean
ta iragana mamituz
Orratza eta errima hartuta
bertsolaritza harituz.

Barruan sartu maitasun paper
hiru bertso, lau errima
beti soinean eraman dezadan
bertsolaritzaren arima.

Lehen kopla bat lehen potoa
ta lehen hanka luzea
ze polita den haur gazte batek
bertsoa ezagutzea.

Bakoitzak badu bere helmuga
eta bere helburua
baina elkarrekin apain dezagun
euskararen ingurua.

Hartu arkatza, lehen orria
ta jarri martxan burua
sortu dezazun koadernotikan
bertsoaren liburua.

Etorkizuna begi aurrean
ta iragana mamituz
orratza eta errima hartuta
bertsolaritza harituz. 

 

UMEEN MAILAKO IRABAZLEA

BEÑAT MATEOS ZEBERIO (ASTEASU)

Zaharrak kalean, haurrak etxean
egiten zaigu arraro
lehenengoentzat baita haurrentzat
baino arriskutsuago
Pertsonak eta eskubideak
aldatu dira zeharo:
orain kalera ateratzeko
txakurren beharra dago;
umeak ditu txakurrak baino
eskubide gutxiago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!