Naturan hezten webgunea aurkeztu dute

Ataria 2020ko mai. 2a, 12:57

Landarlan Ingurumen Elkarteak jarri du www.naturanhezten.eus ekimena martxan, "Ezagutuz maitatu, maitatuz babestu" lelopean.

"Klima aldaketak gure gizartearentzat suposatzen zuen mehatxuaren berri duela hamarkada batzuk izan genuen arren, orain dela gutxi konturatu gara arazo oso larria dela", dio Landarlanek. Euren esanetan, "giza-ekintzak naturaren gain eragiten dituen presioak mantenduz gero, urte gutxitan miloi bat espezie galduko direla ohartarazi ziguten zientzialariek joan zen urtean".

Testuinguru horretan, "bat-batean zoonosi bidez iritsi den koronabirusak mundua gelditu du. Egundoko krisi globala eragin duen gaitz hau, gizakiak fauna basatiarekin egiten dituen gehiegikeriekin lotu dute adituek. Garbi dago, azken hamarkadetan natura arduragabekeria handiz ustiatu duela gizakiak, mundu mailako krisi ekologiko bat sortuz, eta oharkabean, gure gizartearen etorkizuna zalantzan jarriz", dio Landarlanek.

Egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gizartearen pentsaera eta jarduna errotik aldatu behar direla uste du ingurumen elkarteak, "horretarako tresnarik eraginkorrena pedagogia dela iruditzen zaigu Landarlaneko kideoi. Horregatik, hezkuntza helburu duen eta adin guztietarako pertsonei zuzendutako web orri bat sortu dugu. Atari honen xedea gure ingurune naturalaren ezagutzan sakontzea da. Web orri honetan, hainbat arlotako Arazo Egoerak aurkitu daitezke, baita bideo, mapa, eta baliabide ugari ere".

Arazo Egoerak, batez ere ikastetxeetan (irakaskuntza arautuan) erabiltzeko diseinatu badira ere, beste hainbat baliabide, edozein pertsonak natura, kultura eta historiako ezagutzak zabaltzeko erabili ditzake Landarlanen ustez. "Hauen artean erakargarrienak bideo laburrak dira: natura eta kulturarekin erlazionaturiko gaiak lantzen diren 3-5 minutuko 20 bideo labur aurkitu baitaitezke. Etxean sartuta gauden garai hauetan, naturara atera eta garai ezberdinetan bidaiatzeko aukera emango digute".

Gizartean ingurumenarekiko sentsibilitatea eta kontzientziazioa sortzeko, honelako ekintzei bide eman behar zaiela uste dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!