Kale Kantoitik

Nazkatuta nago

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2020ko mai. 2a, 09:53

Nazkatuta nago koronabirusaz. Denbora asko da kontuaz nekatzen hasi nintzela. Hasieran, konfinamenduak ekarritako ero-haizea izan zen. Etxean giltzapetzera behartu eta berehala, saldoka hasi ziren zabaltzen konfinamenduaren egoera xelebreenak erakusten zituzten bideoak: bizilagunak leiho batetik bestera tenisean, jarduera fisikoa komuneko paperarekin, auzokideak bingora jokatzen… Hilabete geroago, koarentenaren klasiko bihurtu dira.

Geroago, koronabirusaren datuak bilakatu zitzaizkidan amesgaizto. Datuak topatzen nituen nire inguruko zokondo guztietan. Hasieran kutsatuak-hildakoak kutsatuak-hildakoak bikotearen errepika sentitzen nuen belarri atzean, baina azkenerako, kutsatuak-hildakoak-sendatuak kutsatuak-hildakoak-sendatuak trinitate hezur-haragizkoa sentitzen dut desinfektantea eskuan niri jarraika. Halako batean, zin egin nion neure buruari nire borondatearen kontra bakarrik bilatuko nituela datuak. Baina alferrik: gutxien espero nuenean eta lekukorik gabeko babesleku batean, hara non topatu dudan nire burua grafiko ditxosoei so.

Gogaituta nago gure bizitza zertan aldatuko den egiten ditugun espekulazioez. Nazkatu naiz agintari politikoen hitzetan gezurrak biltzeaz, bizitza batzuek besteek baino gehiago balio izateaz. Eguraldi-iragarpenak irain makurrak iruditzen zaizkit, halatsu bidaien inguruko telebistako programak ere. Zergatik dira hustutako hirien irudiak albiste? Eta bizilagun txibatoak? Aspertu naiz agintari eta adituen atzean agertzen diren liburuz jositako apalen paisaiaz. Hezurretaraino sartu zait lixiba usaina.

Ezin ditut jasan uniforme berdedunen paparreko kondekorazioak nire muturretan. Gerrak, lehenengo lerroak, heroiak, batailak eta soldaduak metafora kaskar, eta, batez ere, desegokiak iruditzen zaizkit; poesiatik urrun daude, inondik ere, eta ezin bestela, kultura bazterrekotzat duen jendartean. Oka egiteko gogoa ematen didate «osasun-krisi» deitu dioten honen atzeko interes ekonomikoek; jende askok hau amaitzean topatuko duen lan-egoerak, negargura. Haserre nago Zaldibarren desmemoriaz.

Gaitza gertu egokitu ez bazaigu, gaitz erdi. Baina beste erdia zer? Kolpatu, kolpatzen gaitu egoerari aurrea hartu ezinak. Koronabirusaz ez; ni gaininformazioaz, fikzio inprobisatuaz, metafora maiztuez nago nazkatua, eta susmoa dut ez naizela bakarra.

Telebista itzali, arnasa hartu eta burua fikzio hobez elikatu, filmez eta liburuz; elkarri babesa eman eta elkartasuna antolatu. Ez dago besterik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!