Aralarko Larre Irekiera 2020

Larre irekiera ekitaldi berezia

Ataria 2020ko mai. 1a, 16:16

Abaltzisketako zenbait herritarrek ekitaldi sinbolikoa egin dute, Larraizko langatik behiak eta behorrak igaroz. Suziria ere bota dute, ohiturari jarraituz, Aralarko larreak irekita daudela zabaltzeko.

Eguerdi aldera izan da ekitaldia. Lehenengo behiak pasa dira eta ondoren behorren txanda izan da. Azken hauek Jon Zubizarreta herriko alkateak gidatuta. "Herrikoen artean hasi ginen esaten, beste urteetan bezala behiak pasako zituztela, eta nik behor batzuk ere bai. Behintzat oroitzapenerako gordetzea urte bat oso ezberdina izan dena", esan du Zubizarretak. Orain arte zintzarriak prestatzen aritu da Zubizarreta, eta behorrei zizareentzako botikak ematen. "Behorrak beraiek joaten dira. Abaltzisketako udalerriaren muga egiten duen langaraino joan eta handik aurrera beraiek egiten dute larreetarako bidea", esan du.

Ezohiko eguna izan da gaurkoa Larraitzen. Jendetza biltzen da Aralarko Larre Irekiera Festan, eta aurtengoan ezin izan da egin. Larraizko langaren aurreko aparkaleku guztia hutsik ikustea benetan bitxia izan da. "Batetik harrigarria egiten da, baina  aste dezente daramagu horrela, eta pixka bat ohitzen ari gara horrela ikustera. Bakarrik ganaduzaleren bat eta egurzaleak ikusten dira", esan du Abaltzisketako alkateak. Bihartik aurrera aukera izango da paseoak emateko eta ariketa fisikoa egiteko. "Herri txikia gara, eta beraz, ez dugu denbora mugarik", zehaztu du Zubizarretak. "Txindokiko tontorra Abaltzisketako udalerriaren barne dago, eta beraz, ulertzen dugu Txindokiraino joan gaitezkeela. Herri txikia gara, eta baliabide gutxikoa, baina behingoagatik ematen du abantaila izango dugula".

Artaldea, Amezketatik Arritzaga aldera

Villabonako Jabier Agirrezabala artzainarentzat ez da asko aldatuko gaurko egunez izan ohi duten martxa. Semea ondoan zuela, Amezketatik Arritzagako inguruetara gidatu du artaldea, Bokarta txabolara. "Urteko egunik politena izaten da niretzako", esan du Agirrezabalak. Azken hamabi urteotan maiatzaren 1ean egin ohi du bide bera, eta aurten ere horrelaxe egin du. Larre Irekieraren Festarik ez izateak ez dio hainbeste eragiten: arratsaldera arte egoten dira bordan, eta beste urteetan ere ez dira festara jaisten.

Konfinamendu egoerak ez dio hainbeste eragiten Agirrezabalari eguneroko lanean, baina bai gaztaren salmentan. Aralarren urrira arte izango dituzte ardiak. "Aurten oso mendi ona dago. Negua suabe egin du eta belar asko dago", esan du. Oraingoz mendizalerik ez dute topatuko larreetan. "Alde horretatik guretzako hobeto. Jendea zakurrarekin-eta asko joaten da horra gora, eta orain lasaiago egongo gara".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!