Hamar urte betetzen dira gaur, Joxantonio Ormazabal hil zela

Tolosaldeko Ataria 2020ko mai. 2a, 05:59
Ormazabal Villabonako Fleming ikastetxean. Argazkia: Fleming ikastetxea

Duela hamar urte hil zen Joxantonio Ormazabal Berasategi idazle eta editorea. Zegaman sortu zen, 1948ko uztailaren 21ean, eta bertan hil 2010eko maiatzaren 2an, 61 urte zituela. Urte luzez bizitu zen Tolosan. 

Hamar urte pasa dira jada Joxantonio Ormazabal Berasategi idazlea hil zela. Haurrentzako liburuen editore bezala jardun zen hainbat urtez Elkarren eta argitaletxeak gogoan izan du urteurrena. 

Umetan apaizgaitegian ikasi arren, gaztetan hura utzi eta maisu-ikasketak egin zituela gogoratu du. Magisteritza amaitu eta urte batzuetan irakasle aritu zen, Zarauzko ikastolan aurrena eta Beasaingoan gero. Garai haietan, libururik kaleratu ez zuen arren, hamaika kanta eta ipuin asmatu ohi zituen bere ikasleentzat.

1981ean, euskarazko liburugintza indartzeko asmoz, bere herrikide Joseba Jakak proposatu zion editore lanetan hastea Elkar argitaletxean. "Geroztik, esan daiteke euskarazko haur literatura modernoaren zutabeetako bat izan zela, hiru arlotan: autore, itzultzaile eta editore gisa", nabarmendu du argitaletxeak. Idazten jardun zuen hogeita hamar urteetan literatur lan oparoa utzi zuen 50 bat titulurekin, Kaskarintxo (1982) eta Margolin (1983) bezalako irakurgai arinekin hasi, eta sakontasun handiagoko liburuekin amaitzeraino, hala nola Ilunorduak eta argilaurdenak poema sorta (2007) edo Ehun ipuin hitz gutxitan (2010).

Itzultzaile lanetan, haur literaturako hainbat lan "euskara malgu, gozo eta adierazkorrez" euskaratu zituela gogoratu du Elkarrek; Teo pertsonaiaren abenturak, Gianni Rodariren ipuinak eta beste asko. Nabarmentzekoa da esaerak eta pasadizoak biltzen eta gaurkotzen egindako lana ere, hala nola Pernando Amezketarraren gertaerak (1981) edo Lazkao Txikirenak (1995). "Euskal ipuin tradizionalen egokitzailea ere izan zen, haren eskutik ezagutu baitituzte belaunaldi askok Makilakixki edo Patxi Errementaria bezalako istorioak".


Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Ormazabalen alderdi ezezagunago bat: milaka haurren poz-iturri bihurtu ziren hark idatzitako kantak, gehienetan Imanol Urbietak musikatutakoak; adibidez, Astoa ikusi nuen, Txoria nintzela edo Mila kilo zorion (azken hori, musika herrikoia duena). "Umorea, jolasa, irudimena, bizipoza eta bestearenganako errespetua dira bere testuetako ezaugarri nabarmenetako batzuk. Eta ekologia, baztertuen aldeko jarrera eta belaunaldi desberdinen arteko harremana bere istorioetan aldarrikatzen dituen balioetakoak".

Kontxi Aizarna, Joxantonio Ormazabali buruz. Aizarna irakaslea eta musika-pedagogoa izan da ogibidez, eta Zarauzko ikastolan hasi zen lanean 19 urte zituela, eta bizitza osoa pasa du haurrekin eta musikarekin lanean, Imanol Urbieta musikari ezagunarekin batera. 

Zegamarrak idatzitako hainbat kanta. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!