Amasa-Villabonako udal gobernuak COVID-19aren eraginez martxotik itxita dauden merkataritza eta ostalaritzari negozioak laguntzeko neurriak hartuko dituela iragarri zuen aurreko astean eta horrela berretsi zuen astearteko osoko bilkuran, gainerako alderdi politikoetako ordezkarien aurrean. «Zalantzarik gabe, krisi honen eragina izugarria izaten ari da gure herriko sektore ekonomiko garrantzitsuena den honetan eta derrigor ateak itxi behar izan dituzten denda eta tabernetako langile eta arduradunak diru sarrerarik gabe daude, horrek dakarren guztiarekin», aipatu dute udal ordezkariek.
Udal gobernuak «lehentasun gisa» ezarri du merkataritza eta ostalaritza laguntzea eta horretarako zenbait neurri iragarri ditu. Besteak beste zabor bilketari dagokion zergan edo espazio publikoaren erabileragatik kobratzen den tasan onurak izango dituzte, baita Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionean ere.
Bestalde, Amasa-Villabonako Udalak hileroko diru laguntza bideratuko die COVID-19aren eraginez derrigor itxita dauden (edo egon diren) denda eta tabernei. Diru laguntza horiek banatzeko, 300.000 euroko diru poltsa aurreikusi du udal gobernuak, nahiz eta datozen egunetan zehaztuko duen hilero zenbateko diru kopurua jasoko duen denda edo taberna bakoitzak. «Udala COVID-19aren krisiaren ondorioz herriko merkataritza eta ostalaritzak bizi duen egoeraren diagnostikoa osatzen ari da eta horretarako ezinbestekoa da merkatariekin eta ostalariekin harremanetan jarri, diotena entzun eta dituzten egoeren berri lehen eskutik jasotzea», aipatu dute udal ordezkariek.
Norabide horretan, ostalariekin eta merkatari elkartearekin elkarlanean, herritarrek herriko merkataritza «txikian» eta tabernetan kontsumitzeko bonu bidezko sistema bat ezartzeko asmoa du udalak. Gaur egun, 10.000 euroko partida ekonomiko bat jarria dute helburu honetarako. Udal ordezkariek aipatu dutenez, «agerikoa» da kopuru hori ez dela nahikoa izango herriko merkataritza eta ostalaritzari behar duen bultzada emateko. Ondorioz, partida ekonomiko hori modu esanguratsuan handitzeko konpromisoa hartu dute udal ordezkariek.
Amaitzeko Amasa-Villabonako udal gobernuak iragarri du, osasun krisiaren egoerak aukera ematen duenean tokiko ekonomia suspertzeko dinamika bat jarriko duela martxan. Berpiztu Amasa-Villabona leloa eramango du eta ekimen honen inguruan herriko kaleak biziberritzen lagunduko duten kultur, kirol eta aisialdi ekitaldiak antolatuko dituzte. Kanpaina honen bidez, udalerriak «bizitasuna» berreskuratzea nahi du udalak, «modu horretan ostalaritzari ere bultzada emanez».
ZIZURKILEN ERE LAGUNTZAK
Zizurkilgo Udalak erabaki du bere eskumenekoak diren gaietan laguntza ematea Zizurkilgo merkatari eta ostalariei, COVID-19 birusak sortutako osasun krisiak eragindako kalteak arintzen laguntzeko. Laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte jarduerak itxi behar izan dituzten herriko merkatari eta ostalariek, jarduerarik izan ez dutenek edo aurtengo urtarrileko eta otsaileko datuekin alderatuta negozioan % 60ko galera izan dutenek.
Besteak beste, honako hauek dira jasota dauden laguntzak: Lokala jabetzan dutenek ez dute ordaindu beharko 2020ko Ondasun Higiezinen gaineko Zerga; Alokairuan dutenei, berriz, lokalari dagokion Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren zenbatekoa ordainduko zaie.
Bestalde herriko merkatari eta ostalariei ez zaie kobratuko 2020ko ekonomia-jardueren gaineko zerga, ezta aurtengo 2. hiruhilekoari dagokion zabor tasa. Aldi berean, itzuli egingo zaie aurtengo 2. hiruhilekoari dagokion ur-kontsumoaren zenbatekoa. Amaitzeko, ostalaritzarako erabiltzen diren udal jabetzako lokalen alokairuaren kasuan, ez da errenta kobratuko, itxialdia indarrean dagoen bitartean. Udalak onartu duen dekretuaren testua osorik kontsultatu ahal izango dute interesatuek, www.zizurkil.eus atarian.
IRURAKO UDALA KEZKATUTA
COVID-19aren bilakaerak eragindako egoerak arintzeko, herriko merkataritza establezimendu nahiz ostalarientzako udal diru laguntzak emateko deialdia zabaldu du Irurako Udalak. Martxoaren 14an ezarritako alarma egoeraren ondorioz, behar beharrezkotzat jotzen ez diren jarduerak eten egin dira, eta ondorioz, herrian establezimendu ugari itxi dira. «Azpimarratzekoa da udalerri honetan merkataritza eta ostalaritza sektorea ahula dela, eta beraz, oso garrantzitsua dela egoera honek sektorea gehiago ez ahultzea», aipatu dute udal ordezkariek.
Eskainiko den laguntza programa jardueraren gastuak finantzatzera bideratuko da eta diru sarreren galera arintzera. Irurako Udalaren atarian kontsultatu daitezke laguntza horiek guztiak. «Lagundu nahi dugu negozioak aldi baterako ixteak zuzenean eragindako galera ekonomikoa arintzen, eta ahal den neurrian, halako negozioak itxi beharra ekiditen».
HERRIAN EROSTEKO DEIA
Ibarrako Udalak, bestalde, 82.000 euroko diru laguntza lerro berri bat sortu du osasun larrialdiak sortu dituen eraginak «leundu» eta Ibarrako merkatari, establezimendu eta ostalariei «laguntza emateko».
Diru laguntzak emateko orduan zehaztuko da bakoitzari emango zaion zenbatekoa, kontuan hartuta establezimenduak itxita edota partzialki irekita aurkitzen diren. Establezimenduak partzialki irekita daudela kontsideratuko da %50ean edo %50etik behera lanean ari direnean. Deialditik kanpo geratuko dira %100ean lanean ari direnak edota %50etik gorako jarduna dutenak. Hori kontrolatzeko udalak inspekzioak egingo ditu.
Diru laguntzak jasotzeko eskabideak gaurtik hasita hamar eguneko epean aurkeztu ahal izango dira, udaletxeko erregistro orokorrean. Eskaerak, ezarritako dokumentazioarekin batera, Internet bidez aurkeztu ahal izango dira, erregistro elektronikoaren bitartez (www.ibarra.eus) edota honako email honetara bidalita: ingurugiroa@ibarra.eus.
Gainerakoan, herritarrei herrian bertan kontsumitu dezatela dei egiten die, «herriko komertzio eta ostalaritza osasuntsu atera dadin krisi honetatik».