Herri baten ezaugarriei buruz galdetu ohi denean, tartean, bertan ospatzen diren festak aipatzen dira. Festak izaten baitira herriaren ezaugarri nagusienetako bat. Ospakizun gehienak, edo handienak behintzat, udan izaten badira ere, badira udaberrian ospatzen direnak ere. Garai berrietara egokitzen jakin dutenak, eta adin, jatorri eta zaletasun desberdinetako herritarrak gune bakar batean biltzeko gai direnak.
Izan ere, asko dira herriko festetan jendetza biltzen duten ekintzak: musika taldeen kontzertuak, bertso saioak, meza eta jarraian egiten den hamaiketakoa, toka txapelketak edota herri afariak. Horiek normaltasunez bizitzea, baina, ezinezkoa izango da, datozen hilabeteetan, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun larrialdia dela eta, kalean ezingo baita jendetza biltzen duten ospakizunik egin, orain arte egiten ziren moduan.
Euskal Herriko jai ugari bertan behera geratu dira, hala nola, Iruñeko sanferminak, Irungo Alardea, Baionako festak, udaberrian ospatzekoak ziren ikastolen aldeko festak, Zuberoako Maskaradak eta Nafarroaren Eguna. Eta ikusteko dago abuztuan EAEko hiriburuetan Aste Nagusirik izango den, baina ez da halakorik espero.
PENA HANDIA OREXAN
Datozen bi hilabeteetan ospatzekoak ziren festetako lehenak dira santakrutzak. Berez, asteburu honetan ospatuko ziren, Orexan. Eneko Maioz Orexako alkateak dioenez, aspaldi hartu zuten festak bertan behera uzteko erabakia. «Pena handia dut festak galtzeagatik, baina ez genituen ezta martxan jarri ere», aitortu du.
ASTEASUN, HIRUTIK HIRU
Asteasun ere ospatu behar zituzten santakrutzak, Elizmendi auzoan, baina ez da jairik izango. Horrez gain, San Isidro eguna (maiatzak 15) ere ospatzen dute; aurten, ordea, ezinezkoa izango da. Azkenik, ekaina amaitzerako, San Pedro jaiak ospatu ohi dituzte, herriko festa nagusiak. «Ez dugu erabaki ofizialik hartu, eta ea egoerak nolako bilakaera izaten duen itxaroten ari gara. Airean dago, baina ez dut uste egingo direnik», dio Pili Legarra alkateak.
LEABURU-TXARAMAN, ZAIN
Maiatza amaitzerako edo ekaina hasierarekin batera, Txaramako festak ospatu ohi dituzte. Ekaineko azken asteburuan, berriz, San Pedro festak izaten dira Leaburun. Aurten, ordea, ezingo dira behar bezala ospatu. «Ea maiatzean zer nolako bilakaera izaten duen pandemiak, eta horren arabera ikusiko da zein diren aukerak. Hala ere, momentuz, ezingo dira ospatu», dio Joxe Ramon Eizagirre alkateak.
ANOETAN, FESTARIK EZ BURUAN
Anoetan ere ospatu ohi dituzte festak. Ekainaren 11n hasiko lirateke, alarma egoera amaitu eta hilabetera. Pello Estanga alkatearen hitzetan, ez dute festak ospatzeko asmorik, ez behintzat ezagutzen diren bezala. «Orain festak ez ditut buruan. Heltzen direnean, agian zerbait sinbolikoa egingo da, eta irudimenari eman beharko zaio».
GAZTEAK JAIRIK GABE IBARRAN
Ekaina erdialdean, berriz, Gazte Festak ospatu ohi dira Ibarran, Gazte Asanbladak antolatuta. Bertako kide den Leire Romerok dioenez, «ez dugu ezer argitu aurtengo festen inguruan, baina ziurtzat jotzen dugu ez direla ospatuko».
ABALTZISKETAN, ORAINGOZ BAI
Tolosako sanjoanak dira, seguruenik, inauteriekin batera, eskualdeko jairik esanguratsuenak. Ekainak 24aren bueltakoak, ordea, eskualdeko beste bi herritan ere ospatzen dira: Abaltzisketan eta Belauntzan.
Abaltzisketan, oraingoz, ez dira atzera bota, eta festak ezagutzen diren bezala ospatzeko asmoa dutela adierazi du Jon Zubizarreta alkateak. «Erabakiak azken unean hartu behar badira ere, tartea dugu festak antolatzeko. Lau egun nahikoa dira guretzat. Bertan behera utziz gero, abisatuko genuke». Hori bai, ziur dago, ospatuz gero, ez direla beti bezalakoak izango. «Egoerak ahalbidetzen badu behintzat, zerbait herrikoia egingo dugu. Gainera, segurtasun neurriak errespetatu beharko dira». Sanpedroak ere ospatzen dituzte Larraitz auzoan, eta oraingoz horiek ere egiteko asmoa dute.
BELAUNTZAN, EZJAKINTASUNEZ
Egoerak berdin jarraitzen badu, Silvia Moneo Belauntzako alkateak ez du garbi ikusten herrian San Joan festak ospatzea. «Kontuan izan behar da gehiengoa adineko jendea dela. Ez dakigu orduan zein egoeratan egongo garen, ezta normalitatera nola itzuliko garen ere. Arriskua ez dagoen momentuan gu prest gaude ospatzeko, baina ez dut uste ekaina amaitzerako egoera horretara helduko garenik».
SANJOANIK GABEKO TOLOSA?
Zaila izango da irudikatzea. Kuadrillen bazkaririk ez Euskal Herria plazan, su garrik ez Andre Maria plazan, eta are gutxiago, alarde koloretsua herriko kaleetan. Dirudienez horrelakorik ez da izango, Tolosako San Joan festetan, ez direlako orain arte bezalakoak izango.
Pasa den astean egin zuten bilera udalak eta eragileek, zenbait erabaki hartzeko. Pandemiaren garapenaren zain daude, baina argi dago ez dela jende pilaketarik izango. Eszenatoki desberdinetarako plangintzak egingo dituzte, zer salbatu daitekeen eta zer den egingarria erabakitzeko asmoz. Oraindik ezer baieztatu ez duen arren, birtualki, telebistaren bitartez edo, zerbait sinbolikoa egiteko aukera mahai gainean du udalak. Urkizu auzoan ere ez dituzte sanpedroak ospatuko.
UDAZKENA JOMUGAN
Eta behar bezala ospatu ezin badira, zein da alternatiba? «Une honetan dagoen ezjakintasunarekin askori zaila egiten zaigu noiz ospatu ahalko diren jakitea», dio Maiozek. Hala ere, zenbait udaletxe hasiak dira aukera berriak pentsatzen, edota beranduago ospatu ahal diren edo ez pentsatzen. Gehienek, udazkena eta orduko zenbait data dituzte jomugan. Anoetan ez dituzte festak atzeratuko, nahiz eta ordurako aurreikusita zituzten ekitaldi batzuk urtean zehar egiteko aukera mahai gainean izan.
Orexako auzo batean esaterako, festak ospatzen dira sanjoanetan, eta hori ere beste aukera bat zen, santakrutzak orduan egiteko. «Urrian ere aste kulturala dugu, eta beraz, horri ere beste ukitu bat eman ahal diogu».
Beste herrietan udazkenean zerbait ospatzearen ideia entzun duela dio Legarrak. «Baina, nork dio orduan ere ez dela kutsatzeko arriskurik izango? Oso zaila ikusten dut, eta iruditzen zait aurtengo festa guztiak bertan behera geratuko direla», nabarmentzen du Asteasuko alkateak.
Ibarrako gazteek, berriz, ez dute beste datarik buruan, nahiz eta bertan behera geratuz gero, uda ondoren zerbait egiteko ideia mantentzen duten. Bestalde, jaiak udazkenean ospatu ohi dituzten azoka bereziarekin uztartzeko ideia azaldu dute Leaburun eta Belauntzan. Ondorioz, festarik gabe ez dira berdinak izango, baina herriek behintzat ez dute itzaltzeko asmorik.