Protokoloarekin zia eta boga

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Manterola 2020ko api. 29a, 11:16
Traineruen Kluben Elkartea protokolo bat lantzen ari da arraunlariak entrenatzera eta lehiara itzuli ahal direnerako, betiere egoera orokorrak ahalbidetzen badu. Test asko egitea aurreikusten da agirian.

Traineruen Kluben Elkarteak bilera informatiboa egin zuen larunbatean hamabi arraun taldeekin, eta elkarteko sendagile Juanjo Badiolak eta klubetako medikuek protokolo bat aurkeztu zieten. Bertan zehazten dute zer baldintza bete behar dituzten arraunlariek eta klubek entrenatzera eta lehiara itzultzerako eta itzultzean. Besteak beste, test asko egitea aurreikusten da, eta aurrenekoak datorren astelehenean egingo lirateke, arraunlarien egoera immunologikoaren berri izateko. Maiatzaren 30ean du batzarra elkarteak, eta Eusko Label eta Euskotren ligak noiz hasi ahal daitezkeen orduan erabakiko zutela zehaztu zuten aurreko batzar orokorrean. Horregatik nahi du TKEk jakin arraunlari guztien egoera immunologikoa zenbatekoa den. Lehiaketa garaian, astero egingo litzaieke test serologikoa immuneak ez direnei; estropada aurreko ostegunetan, PCR testa lehiatu behar diren eskifaiako kide ez immuneei; eta hilero, test serologikoa talde osoari.

Testenak hautsak harrotu ditu, kirolak horretan gizarteko beste esparru batzuen aldean lehentasunik izan behar ez duelakoan. Agiriarekin gertatu denaren inguruan, hauxe esan du Borja Rodrigok, TKEko presidenteak: «Barneko agiria da protokoloa, irekia, oraingo egoera orokorra oinarri hartuta prestatua. Maximo batzuk ageri dira baldintzetan. Gero, aldatu egingo da ziurrenik, egoera orokorra aldatzen doan neurrian, eta garbi daukagu sekula ez garela joango gizartearen aurretik».

Dokumentuaren inguruan, Joxemi Elduaien Hondarribiako presidenteak ondorengoa adierazi du: «Protokolo hau oraingo egoeraren araberakoa da, eta guk oso garbi daukagu gizartearen arazo orokorraren barruan mugitu beharko genukeela. Udan estropadak izateko ilusioarekin ari gara lanean, denok dugulako itxaropena egoera orokorrak hobera egingo duela, baina betiere egoera osoa ikusita». Hasier Etxaburu Ondarroako zuzendaritzako kidearen ustez, «azkarregi» jokatu zuen TKEk: «Ostiralean banatu zitzaigun klubei agiria, eta larunbatean eztabaidatu genuen. Arraunlarien haserrea eragin zuen filtrazioak, kontuan hartuak ez zirelako izan protokoloa lantzerakoan. Hori izan da txarrena». Bestelakoan, jarrera onarekin ikusten du TKE: «Udan lehiatu ala ez erabaki behar duen erakundeari protokolo bat aurkeztu behar zaio, eta horretara dator hau, eskatu egingo zaiolako zerbait aurkezteko». Protokoloaren ezaugarriez, ondorengoa esan du: «Egoera orokorra joango da ixten agiria, eta, agian, hemendik bi astera, sobran daude baldintza batzuk». Testen ordainketa zeinen esku geratuko litzatekeen ere kontuan hartzekoa dela dio: «Ikusi egin beharko da zenbateko gastua eragiten digun TKEri eta klubei».

Arraunlarien artean, Iñaki Goikoetxea Isuntzako patroiak dio ez dela erraza izango protokoloa gauzatzea: «Orain, behintzat, zaila ikusten dut hau guztia. Testak guri egitea osasungintzako langileei egin ez dizkietenean... Baina agian, hemendik aste batzuetara egoera aldatu egingo da, dena baita zalantza. Horregatik da behin-behineko zirriborroa». Amaia Sexmilo Arraun Lagunakeko arraunlariak taldearen barruko erabaki baten berri eman du: «Nahiago dugu kontu hauen inguruan ez aritu, ezta gure artean ere. Ondo ari gara etxean entrenatzen, eta ez dugu nahi kanpoko egoerak gure lana baldintzatzea. Gero, bakoitzak izango du protokoloaz bere iritzia».

KAE eta ETE ligen iritziak

Kantauriko Arraun Elkartea ere ari da protokoloa lantzen, baina testik gabekoa, Gorka Leunda kudeatzaileak esan duenez: «Ez dugu hainbesterainoko baliabiderik, eta gainera, ez dugu uste berme direnik, gaitza pasatu duenak berriz pasatuko duenik ezin delako ziurtatu, ezta besteei ez diela kutsatuko ere». Onartu du ulertzen duela TKEren jarrera: «Lehiatzeko baimena eman behar dionari ahalik eta bermerik handiena aurkeztea ondo dago, eta gu ere horretan ari gara lanean». Maiatzaren erdialdera aurkeztuko die KAEk klubei protokolo bat.

ETE ligan ez dute protokolorik landu, Maika Tameron zuzendaritzako kideak esan duenez: «Egoera orokorra ikusi arte ez gara mugituko, baina garbi dugu guk ezin dugula TKErena bete, kostu ekonomikoengatik, eta klubei testak ordaintzeko eskatzea ez zaigu burutik pasatu ere egin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!