Saretu eta elkar babesteko deia luzatu dute feministek

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 29a, 18:00

Eraso matxista jasaten dutenen eskura bitartekoak jarri eta pertsona horiek babesteko sarea osatu da, besteak beste, Ibarran.

Ibarrako Asanblada Feministak Ez zaude bakarrik kanpaina abiatu zuen konfinamenduaren hasieran. Beste urrats bat eman nahi dute orain: «Biolentzia matxistaren aurrean salaketatik harago joan gaitezen, erasotuak ez ditzagun bakarrik utzi, ez daitezela bakarrik sentitu». Horretarako asanbladaren ustez, «elkartasuna eta inplikazioa» nahitaezkoak dira eta indarkeria matxista jasan dezaketenak bakarrik egon ez daitezen proposamena luzatu dute: sarea osatzea eraso matxista edo sexista baten aurrean babesa eskaintzeko.

Ibarrako atari guztietan identifikatu nahi dute babesa eskainiko duen pertsona hori. Horretarako prest agertzen direnen datuak (izena, helbidea, telefono zenbakia) bilduko dituzte 633 39 67 88 zenbakian (WhatsApp bidez, ez deituz). Ondoren, babesa eskaintzeko pertsona bat dagoen atari guztietan jartzeko kartel bat bidaliko du Ibarrako Asanblada Feministak, non 633 39 67 88 telefonoa azalduko den. «Saretu gaitezen, saretu dezagun Ibarra eraso matxista eta sexisten aurrean. Neska, mutil, gazte, heldu, zahar, egin dezagun sare komunitarioa», aldarrikatu dute asanbladatik.

HERRIKO ZENBAKIA ZIZURKILEN

Zizurkilgo Udalak eguneko 24 ordutan martxan egongo den telefonoa jarri du indarkeria pairatu dezaketen herritarren eskura: 663 77 97 27. Udaleko Berdintasun sailetik aipatu dute herriko telefono zenbaki bat izateak «gertutasuna» dakarrela. Deiak egin eta WhatsApp mezuak bidali ahal izango dira zenbaki horretara.

Herriko telefonoaz gainera, 112 zenbakia eta emakumeentzako (900 840 111) eta ume-nerabeentzako (116111) telefono zenbakiak ere gogoratu dituzte. Herritarren artean informazio hau emateko kartelak zabaltzen ari da udala egun hauetan. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz ageri da informazioa bertan.

TESTIGANTZA BILKETA IRURAN

Hilabete pasatxo da konfinamendua hasi zela. Hori dela eta galderak luzatu dizkie Irurako Emakume Taldeak herriko neska, gazte, heldu eta adinekoei: «Eta zu nola ari zara bizitzen egoera hau? Bakartuta? Familian? Lanean? Zaintzan? Gaixorik?».

Kontatzeko ehunka istorio daudela uste du Irurako Emakume Taldeak eta hori dela eta herriko emakumeak animatu ditu kontakizuna egitera. Horretarako testu, argazki, bideo eta audioak bidali ahal izango dira irurakoemakumeak@gmail.com helbidera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!