Mobilizazioak lan osasuna bermatzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko apirilaren 28a

Euskal gehiengo sindikalak deitutako Salaketa Egunarekin bat egin dute eskualdeko hainbat langilek

«Lan osasuna bermatu» eta «bizitza defendatu» izan ziren atzo gehien errepikatu ziren hitzak. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta Salaketa Eguna deitua zuen euskal gehiengo sindikalak.

Eskualdeko hainbat eta hainbat enpresatan atera ziren langileak kalera. Protestarekin bat egin, eta mezu ezberdineko kartelak eskuan hartuta egin zuten salaketa. Esaterako, Tolosako Arriaran gasolindegiko langileek ere bat egin zuten borroka egunarekin, eta beraien egoera salatu zuten: «Bi hilabete daramatzagu greba mugagabean, soldata duin bat eta bizitza, familia eta lanarekin egokitzen den lan egutegi bat lortzeko».

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu lelopean deitua zuten Salaketa Eguna. Segurtasunak guztiaren gainetik egon behar duela zioten, bai sindikatuek eta baita lan esparru ezberdinetako langileek ere. «Segurtasunak kapitalaren eta interes ekonomikoaren gainetik egon behar du», azpimarratu zuten beste behin. Edota, «osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi», mezua zabaldu zuten.

Noizbait koronabirusaren krisia igaroko dela diote, eta orduan gizarte moduan «lehentasun berriak» ezarri beharko ditugula. Sindikatuek argi diote, halaber, bizitza jarri beharko dela erdigunean. «Eta, orduan ere, instituzioentzat bizitzak lehentasun izan daitezen mobilizatu beharko dugu. Besteak beste, lanean gure bizitzak behar bezala zaindu daitezen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!