Adinak ez du argudio arbitrarioa izan behar adinekoak konfinatzen jarraitzeko. Batzuen segurtasuna babes-neurrien bidez bermatzeko beharra balioetsiz gero, neurri horiek ez dira pertsonen adinaren arabera ezarri behar, beste irizpide batzuen arabera baizik, hala nola, arrisku-gaixotasunen arabera eta kutsatzeko benetako arriskua ekar dezaketen egoeren arabera.
Gure kolektiboa sakrifizio handiak egiten ari da etxean, egoitzetan eta ospitaleetan, eta kutsadura-iturri garela dioten zenbait diskurtsok etsipena eta beldurra sortzen dute, gogaikarri ez izateagatik eta ospitaleetan kolapsoa ez eragiteagatik adineko pertsona asko etxean geratzea erraztuz, harik eta ezin duten arte, horrek sortzen duen sufrimenduarekin eta arriskuarekin.
Hondatze fisikoa eta emozionala saihesteko eta gure osasuna zaintzeko, funtsezkoa da konfinatu aurreko ohiturak berreskuratzea, esate baterako, ariketa fisikoa; are gehiago, kontuan izanda adinean aurrera egin ahala zailagoa dela galdutako baldintza fisikoak berreskuratzea. Era berean, isolamenduak, batez ere bakarrik bizi diren pertsonengan, sintoma psikikoak eragiten ditu (antsietatea, larritasuna, depresio-egoerak, desorientazioa). Horregatik, beharrezkoa da lehenbailehen ateratzea eta behar den laguntza izatea, bai familiariarena zein beste batzuena.
Adinekoen eskubideak errespetatzea eta adineko elkarteen iritzia kontuan hartzea eskatzen dugu, baita adinaren arabera ez diskriminatzea, eta gainerako herritarren kontsiderazio bera izatea ere. Halaber, beharrezko prebentzio-baliabideak eskatzen ditugu (maskarak, eskularruak, testa) konfinamenduaren irteera segurua bermatzeko, eta baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonentzat horiek guztiak doakoak izan daitezela.