Tolosaldeari buruz guztia al dakizu?

Ataria 2020ko apirilaren 28a

Tolosaldeari buruzko galdera sorta luzatzen du ATARIA-k egunero, eguerdian; harpidetza digitala eskuratu daiteke.

Etxean ohikoa baino gehiago egotea egokituko zaigun sasoi honetarako ATARIA ere egokitu egin da, eta entretenimendurako eduki gehiago ari da zabaltzen bere plataforma desberdinen bitartez. Egunkarian, esaterako, denbora-pasak egin ditzake irakurleak egunero, eta azken egunetan, jolas berria proposatu du jarraitzaileen artean, baina, kasu honetan, sare sozialen bitartez, zehazki, Instagramen.

Pasa den astean hasi zen ATARIA bere Instagrameko kanalean (@Tolosaldekoataria), egunero, eguerdian, galdera bidezko jolasarekin. Parte hartzaileek bost galdera dituzte erantzuteko, eta proposatzen diren lau erantzun posibleetako bat aukeratu behar dute. Galderei dagokienez, Tolosaldeko 28 herrien ingurukoak dira, eta gaiak, askotarikoak, kultura, historia, pertsonaiak, buruketak, geografia edota euskararen erabilera, esaterako.

Parte hartzeko ez da baldintzarik bete behar, edonork jolastu ahalko du, bai jarraitzaile direnek bai eta ez direnek ere, eta gainera, galdeketaren amaieran, emaila uzten dutenen artean, ATARIA digitalaren harpidetza bat zozkatuko da. Iragan astean parte hartu zutenen artean eginiko zozketan, Maddi Etxeberria izan da irabazlea.

Jolasak harrera oso ona izan du, 350 pertsona inguruk jolasten baitu egunero, eta hori ikusita, galdeketarekin jarraitzea erabaki du Atariak. Beraz, eman bostekoa, eta eta harpidetza digitala eskuratu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!