Koronabirusa

Mugimendu erdi librea

Irati Saizar / Jon Miranda / Josu Artutxa 2020ko api. 28a, 11:59

Sei astez etxean egon ondoren, 14 urtetik beherako haurrei etxetik ateratzeko garaia heldu zitzaien igandean. Hasierako urduritasuna, irribarre bihurtu zen gero; gainera, askok ulertzen dute egoera.

Igandetik aurrera, 14 urtetik beherakoek kalera irteteko aukera dute, egunean behin, ordubetez eta gehienez etxetik kilometro batera. Zaintzaile bakoitzak hiru umerekin atera ahalko du kalera, eta, betiere, segurtasun neurriak errespetatuta. Edozein eremu publikotara ibili ahalko dira umeak eta euren zaintzaileak, parkeetan eta kirol instalazioetan izan ezik. Gainerakoan, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek helduen gisa jokatzeko eskaria egin dute: gurasoen baimena izanez gero, premiazko erosketak egitera atera ahalko dira.

Lehen egunetan, bizikletak, patinak edota jostailuak hartuta, edo bestela gurasoekin ibiltzera atera dira eskualdeko ehunka ume kalera. Jaiki orduko haurrek zeukaten urduritasuna nabarmentzen zuen, igandean, Ibarrako guraso batek. Eta izan dira kalera atera nahi ez zuten haurrak ere. Alegiako guraso batek kontatu zuen, «beldurrez» edo, «kosta» egin zaiela etxetik ateratzea, baina behin gainerako haurrak ikusita «lasaitu» egin direla. Ikaztegietako guraso batek azaldu zuen, bere haurrei ere kosta egin zitzaiela kalera ateratzea, baina «etxean, tableta, telebista eta bideo-jokoekin oso eroso» zeudelako izan dela. Behin, ordea, kalera aterata emozio eta poz aurpegiak izan dira nagusi.

UMEAK, EGOERAZ KONTZIENTE

Tolosan, oro har, pozik agertu ziren gurasoak, atzo. «Haurrak, batez ere adinez nagusiagoak direnak, kontziente dira egoeraz», zioen herritar batek. Haur gazteagoak zituen beste batek adierazten zuenez, «haurrek gogoa zuten kalera ateratzeko, baina badakite segurtasun neurriak errespetatu behar dituztela, eta beraz, ez dira aztoratu».

Herritarrek, ordea, igandean sare sozialetan eta albistegietan zabaldutako irudiak ikusi zituzten, eta horregatik ere bazuten kezka apur bat. «Horrelako jokabideak hartuz gero, berehala debekatuko dute neurri hau». Gainera, «14 eta 18 urte bitarteko haurrek ere, kalera paseo bat ematera eta ez soilik erosketak egitera ateratzeko eskubidea dutela» aldarrikatzen zuen batek.

Atzokoa, ordea, oso bestelako eguna izan zen, igandearekin alderatuta. «Gaurkoa lanegun bat da berez, eta atzo lehen eguna izanik, jendea ero moduan aterako zen haurrekin kalera. Gainera, etxetik lanean ari diren gurasoak, baita eskolako lanak egin behar dituzten haurrak ere. Beraz, pentsatzen dut aurrerantzean ordu tarte desberdinetan aterako garela kalera».

Guraso horietako batzuek ere, bakarka kirola egitera edo paseoak ematera ateratzeko aukera izango dute, astelehenetik aurrera. «Uste dut haurrekin ateratzean, beraiei askatasun pixka bat emateagatik, ez garela hain gainean egoten. Horrek ez du esan nahi arauak bete behar ez ditugunik. Astelehenetik aurrera, helduok zentzu handiagoz jokatuko dugunaren aurreikuspena dut», zioen batek. «Ea hala den, eta gurasoek ere zentzuz jokatzen dugun. Hala ere, igandekoa bezalako egoerak errepikatzen badira, neurri hori ere atzera bota dezakete», gaineratzen zuen beste herritar batek.

UDALAREN AHOLKUAK

Jende pilaketak ekiditeko Amasa-Villabonako Udalak hainbat aholku luzatu zizkien ostiralean umeen gurasoei. Espazio zabal eta irekietan ibiltzea lehenesteko eskatu zuen udalak, erosketa lekuak eta ilarak saihestuz.

Horretarako egokiak izan daitezkeen bi ibilbide eta horiek egiteko norabideak zehaztu zituen ostiralean udalak, proposamen gisara, beste haur eta familiekin gurutzatzea ekiditeko. Bat Etxeondotik Otsabira bitartekoa da, Amasatik pasata; eta bestea berriz, Arratzaindik buelta deitu diotena. Inguru horretan bizi da Maitane eta urtebeteko Xuhar semearekin igandean egin zuen lehen itzulia: «Umea txikia da oraindik, baina hala ere, izugarrizko mesedea egin dio kalera ateratzeak. Lehen, beti besotan, ez zuen ume-karroan joan nahi izaten eta orain kalera goazela sumatzen duenean ez du kexarik jartzen. Alaitu egiten da pasaeran beste umeak ikusten dituenean».

Iritzi berdinekoa da Maider. Bi urte eta erdiko Heiko eta bost urteko Joarrekin egin zuen itzulia Arratzaindik. «Sei aste luze egiten zaie umeei, baina baita guri ere. Ni egoten naiz gehien etxean haurrekin eta aurreneko asteetan ondo moldatu ginen arren, bukaerarako gogorra izan da». Horregatik Maiderrek ondo irizten dio Amasa-Villabonako Udalak egindako proposamenari eta adinka ordu jakinetan ateratzeko aholkuari ere kasu egin dio. Zabaldutako oharrean esandakoaren arabera honako ordutegia proposatzen du udalak: 0 eta 6 urte artekoak 09:00etatik 13:00etara; 7 eta 9 urte artekoak 13:00etatik 17:00etara; 10 eta 12 urte artekoak 17:00etatik 19:00etara; eta azkenik 13 eta 14 urtekoak 19:00etatik 21:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!