Koronabirusa

Lan osasuna bermatuz, bizitza defendatzeko deia egin dute biharko

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 27a, 17:18
Martxoan ere mobilizatu ziren langileak lantokietan

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuak elkartuta Salaketa Eguna deitu dute.

Bihar, urtero moduan, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da, baina aurtengoa Covid-19aren krisialdiak baldintzatuko du. Salbuespen egoera honek bultzatuta, Salaketa Eguna deitu dute ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu lelopean. Euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuak elkartu egin dira borrokarako.

Azken hilabeteek irakasgai argia utzi dutela azpimarratu dute: «Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira, eta gertatzen ari da». 
Salaketa Eguna lantokietan eta etxeetan egiteko eskatu dute. Oinarrizko zerbitzuetan babes neurri egokirik eta nahikorik gabe ari direnei, edota gainerako eremuetan osasunaren bermerako planik edota neurri egokirik gabe ari direnei bidali diete mezua: «Mobiliza gaitezen, gure lan osasunaren kontrako praktikak salatzeko, segurtasun neurri guztiak hartuta». 

Lantokietan ari direnen kasuan, mobilizazioak sustatu nahi dituzte. Elkarretaratzea, isilunea, eserialdia... eginez, beti ere, distantzia ziurtatuta bilduz, eta kartela eskuan hartuta, lan zentroen aurrean mobilizatzeko deia egiten diete. «Argazkiak atera eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita», gaineratu dute. Eta sare sozialak kontuan hartuta, sindikatuek bideoak ere grabatzea nahi dute: «Kartelak eskuan, grabatu bideo laburrak lan osasunarekin lotutako zuen aldarrikapen eta salaketak egiteko, eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita». 

Ohiz kanpoko egoera honetan etxeetako leiho eta balkoiak bihurtu dira aldarrikapenetarako gune, eta etxeak ere baliatzea nahi dute gaurko egunerako batu diren sindikatuek. «Argazkia atera, edo grabatu bideo labur bat zuen osasuna bermatzeko egin nahi duzuen salaketa edo aldarrikapena adieraziz, eta zabaldu sare sozialetan traola bera erabilita». Era berean, xingola beltzak leiho eta balkoietan jartzeko deia egin dute, lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko, eta baita egoera hauek salatzeko ere.

Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko momentua iristean, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek argi dute, «lehendabizi bizitza, eta ondoren beste guztia», dagoela. «Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi», aldarrikatu dute. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango duela aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko argitu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!