Koronabirusa

Iritsi zaie haurrei kalera irteteko eguna

Ataria 2020ko apirilaren 26a

Sei astez etxean egon ondoren, 14 urtetik beherakoak kalera atera dira gaur lehen aldiz. Hasierako urduritasun aurpegiak, irribarredun aurpegi bihurtu dira gero.

Eta iritsi zaie eguna, sei asteren ondoren. Bizikletak, patinak edota horrelakorik gabe atera dira ehunka ume kalera. Gaurtik aurrera, beraz, 14 urtetik beherakoek kalera irteteko aukera izango dute, egunean ordubetez. Zaintzaile bakoitzak hiru umerekin atera ahalko du kalera, eta, betiere, segurtasun neurriak errespetatuta. Edozein eremu publikotara ibili ahalko dira umeak eta euren zaintzaileak, parkeetan eta kirol instalazioetan izan ezik. Gainerakoan, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek helduen gisa jokatzeko eskaria egin dute: gurasoen baimena izanez gero, premiazko erosketak egitera ateratzen ahalko dira.

Jaiki orduko haurrek zeukaten urduritasuna nabarmendu du Ibarrako guraso batek. Eta izan dira kalera atera nahi ez zuten haurrak ere. Alegiako guraso batek kontatu du, "beldurrez" edo, "kosta" egin zaiela etxetik ateratzea, baina behin gainerako haurrak ikusita "lasaitu" egin direla. Ikaztegietako guraso batek azaldu du, bere haurrei ere kosta egin zaiela kalera ateratzea, baina "etxean, tableta, telebista eta bideo-jokoekin oso eroso" zeudelako izan dela. Behin, ordea, kalera aterata emozio eta poz aurpegiak izan dira nagusi. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!