Koronabirusa

Oholtzetatik urrun, bizirik

Irati Saizar Artola 2020ko api. 24a, 09:44

Kultura ere gogotik jo du koronabirusak eragindako alarma egoerak. Ilusio putzutan murgilduta zebiltzan musikari asko, kantu berriak jendaurrean jotzeko irrikan, edota disko berria noraino iritsiko zen ametsetan. Baina gauetik goizera bertan behera geratu zaizkie hamaika kontzertu. Sortzen ari dira, bai, bakoitza bere etxetik, baina ez dakite noiz itzuliko diren oholtzetara. Horixe gertatu zaio StarBlues taldeari ere.

Joan den otsailean kaleratu zuten bigarren diskoa, eta kontzertuak eskaintzen hastear zirenean harrapatu zituen bete-betean konfinamenduak. “Ez gara Su Ta Gar edo Berri Txarrak; ez gara profesionalak, baina ilusio bera izaten dugu, eta pena ematen du hainbeste ordu eskaini diozun lantxo bat geldirik ikusteak”, azaldu du Jon Barreros taldeko gitarrista eta ahotsak.

StarBlues taldeak hamar urte bete ditu aurten. Barrerosen eta Urko Ruiz de Apodaka orain gutxi taldea utzi duen baxu jotzailearen artean sortu zen proiektua. Ordiziako musika eskolan zebiltzan biak, jazzaren munduan, eta blues giroko zerbait egin zezaketela otu zitzaien; horrela hasi ziren. Lau kidek osatzen dute taldea: Barrerosen ondoan, Mikel Atxega baxu jotzaile anoetarrak hartu berri du Ruiz de Apodakaren lekua; Jon Labaien tolosarra da teklista; eta Fermin Etxeberria tolosarra arduratzen da bateria jotzeaz.

Disko berria gizarteratzeko eskainitako aurkezpen kontzertuaren ondotik, ez dute aukerarik izan publikoari kantu berriak eskaintzeko, eta “zerbait” egin beharrean ikusi zuten euren burua. Hala, disko berriko abesti bat, Zerua ukituz, formatu akustikoan moldatu eta sare sozialetan zabaldu dute. Taldeko kide bakoitzak etxean sakelakoarekin grabatuta prestatu dutela aitortu du Barrerosek: “Aurikularretatik abesti originala entzunez grabatu du bakoitzak bere zatia, tempoa eta erritmoa mantentzeko”.

Modu horretan, “bizirik” daudela erakutsi nahi izan du StarBluesek. “Talde xume bat gara, eta hurbilekoentzat, behintzat, hor egon nahi dugu”, zehaztu du Barrerosek. Oso aldekoak ez badira ere, aitortu du gaur egun beharrezkoa dela sare sozialetan aktibo egotea. “Gainerakoan, ahaztu agian ez, baina albo batean-edo uzten zaitu jendeak”.

Aurkezpen kontzertua eskaini eta berehala hamar emanaldi lotu zituztela azaldu du taldeko kideak. “Oso-oso pozik” zeuden, diskoak ere “harrera ona” izan zuelako. “Guretzat zaletasun bat da hau, eta nola hala kontzertuak lotzea izaten da gure itxaropena, gero estudio batean inbertsioa egin, eta gauza erdi profesional bat egiteko”.

Hamar abestirekin osatu dute bigarren lana, Hitz gatibuak. Espresuki diskoa sortzeko konposatu dituzte abestiak: “Iritsi zitzaigun garai bat non aurreko diskoko abestiak zaharregiak iruditzen zitzaizkigun. Inflexio puntu batean erabaki genuen taldea ez herdoiltzeko eta lokalean aire freskoa sartzeko disko bat kaleratu beharra geneukala, apropos horretarako abestiak konposatuta”.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen zigiluarekin grabatu zuten lehen diskoa, eta horrela egin dute bigarrena ere. Lehen diskorako “blues estilora gehien hurbiltzen ziren abestiak” hautatu zituztela azaldu du Barrerosek, baina bigarren lanerako “alderantzizko lana” egin dutela azpimarratu du: “Konposatu ahala, ikusi genuen oso ideia ezberdinak sortzen ari zitzaizkigula. Aurretik, blues estilora mugatu genuen geure burua, baina oraingoan ez dugu hainbeste mugatu”. Funky, latin, pop eta blues estiloak antzeman daitezke haien abesti berrietan. Disko berriak “kolore gehiago” du, eta entzuleari ere “atseginagoa” gerta dakiokeela uste du gitarristak. “Disko berriko bi abesti jarraian entzunda, entzulea konturatuko da ezberdinak direla biak, eta hirugarrena entzun nahiko du, harrapatuta geratuko baita”.

Melodia eta letra, ia batera

Poliki-poliki “talde nortasuna” lantzen ari direla azaldu du Barrerosek. Oinarri bluesa duten arren, taldekide bakoitza “adar ezberdin batetik etorria” da, eta bakoitzak “bere ikuspuntutik bere ukitua” ematen die abestiei. Punk eta rock estilotik zetorren Ruiz de Apodaka taldekide ohia; “rock nahiko gogorretik” Barreros bera; jazz, pop, latin eta beste hainbat estilotatik Labaien teklista; eta pop eta rock taldeetatik Etxeberria bateria jotzailea. Ideiei forma ematen hasten direnean “gauza bitxiak” ateratzen zaizkiela aitortu du gitarristak.

Sortze prozesu horretan Barrerosek berak jartzen du, gehienetan, lehen harria. Gitarrarekin ateratzen ditu melodia eta erritmoak, eta Labaien ere aritzen da lan horretan, teklatuarekin. Abeslariak berak idazten ditu hitzak ere: “Abesti askori melodia sortu orduko jartzen dizkiet hitzak; segur aski, abesti bakoitzean zertaz hitz egin nahi dudan buruan izaten dudalako gertatuko zait hori”. Kantu gehienetan “gizarteko gai asko” lantzen dituztela zehaztu du. “Lehen diskoan baino askoz ere aberatsagoak eta landuagoak dira hitzak”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!