«Ahozkotasuna da Ibrahimaren indar handienetako bat»

Jon Miranda Labaien / Imanol Garcia Landa 2020ko api. 27a, 19:59

Ibrahima Balderi gauzak motz esatea gustatzen zaio. «Kilo» esaten duenean, jendeak «kilometro» zuzentzen dio, baina hori hemen gertatzen zaio, ez Afrikan. Ginean, bere jaioterrian, edo Euskal Herrira iritsi bitartean zeharkatutako Mali, Aljeria, Libia edo Marakon, norbaitekin gurutzatutakoan, Ibrahimak galdetuko dio ea denbora pixka bat baduen. Baiezkoa jasoz gero, bere kasua esplikatzen hasiko zaio; motz, baina behar bezainbesteko denbora hartuta horretarako. Amets Arzallusen Miñan liburuaren nondik norakoez hitz egin du.

Miñan liburuan Ibrahima Balderen bizipenak kontatzen dira. Ginearrak ahoz kontatutakoa idatziz jaso du Amets Arzallus Antiak. Anoetako liburutegian aurkeztekoa zen liburua, baina konfinamendu neurriak direla eta, bertan behera gelditu zen solasaldia.

Liburuaz hitz egin aurretik, Ibrahimari buruzko galdera. Harremana mantentzen duzu berarekin?

Bai, harreman hurbila mantentzen dut. Asiloaren prozeduran zegoen bitartean, erantzun horren zain Cear sareak emandako lekuetan egon behar izaten zuen. Irundik Oñatira eraman zuten eta gero iaz Madrilera. Han hasi zuen prestakuntza mekanikari bezala kamioi eta autobusekin. Asiloa ukatu zioten urrian, eta egoera irregularrean geratu zen, baina hala ere prestakuntza egiten segitzen du eta oraingoz Madrilen dago.

Irungo harrera sarean ezagutu zenuten elkar.

Pasoan datozen migranteak dira Irunen geratzen direnak. Iristen dira orotariko egoeretan; oinarrizko arreta eta orientazio pixka bat ematen zaie, zer eskubide dituzten azaldu eta gero erabakitzen uzten zaie norantz egin nahi duten. Hurbiltasuna eta berotasuna ematen zaie, asko sufritu eta sufritzen duen jendea delako.

Ibrahima eta zure harremanari buruzko liburua dela esan izan duzu.

Liburua istorio baten liburua da, eta istorio hori Ibrahimarena da. Ginean sortu zenetik, bere haurtzaroa, eta gero etxetik abiatu zenetik Mediterraneora iritsi arteko liburua. Elkarrizketa batzuen gainean oinarritutakoa da, nahiz eta kontakizuna ez den elkarrizketa formatuan. Eszenifikazio hori azaltzen da liburuaren oinarri bezala, eta hor atzean gure harremana ere badago: pertsona batek bere istorioa gisa horretan kontatzea ez da batere erraza, konfiantza pixka bat ere eraiki behar da bi pertsonen artean; pixkanaka horrela eraikitzen eta askatzen joan den korapilo bat da liburuaren atzean dagoen hori.

Ibrahimaren bizipen gogorren inguruan ari da 'Miñan'. Sumatzen da berak baduela kontatzeko beharra; zure kasuan, zein izan da liburua idazteko beharra?

Ez nintzen idazten hasi liburu bat egiteko ideiarekin. Irunera iristen diren migrante gehienek bidea segitzen dute; baina gutxi batzuk gelditzea erabakitzen dute, batez ere asiloa eskatzeko aukera Europara iritsi diren estatuan egin dezaketelako. Hori egiten dutenek, eta kasu horretan zegoen Ibrahima, gero komisariara elkarrizketa bat egin behar izaten dute. Elkarrizketa hori prestatze aldera, txosten bat osatzeko egiten nien elkarrizketa eta horietako bat izan zen Ibrahima. Horretarako hasi ginen elkarrizketak egiten eta gero pixka bat segitu nuen, ez zuelako kontatzen bukatu, harremana sakondu zelako, eta ikusi nuelako istorioa eta kontatzeko modua oso berezia zuela. Bestalde, bere istorioa entzutean argi ikusi nuen legearen arabera ez zuela aukerarik babes politikoa jasotzeko, nahiz eta pairatu dituenak pairatu, gure sistemak babesik gabe uzten baitu. Orduan, bestelako babes bat eraiki nahian, hasi nintzen zerbait luzeagoa egiten.

Kontatzeko era berezia duela diozu. 

Ibrahimak, iritsi zenean, justu-justu irakurri eta idazten zuen, baina, aldiz, ahozko kontakizunean arte eta grazia handia du, eta ahozkotasunaren kontrol handia, bai erritmo aldetik, bai hitzen aukeraketen aldetik, bai irudimena aldetik. Bere kulturan, beste hango kultura askotan bezala, ahozko tradizioak izugarrizko indarra izan du eta oraindik ere badu; eta Ibrahimari isuri hori nabaritzen zitzaion eta berezia zuen. Migrante bati begira diezaiokegu bere ezintasun eta dakarzkien bere oinaze eta miserietatik, baina bada beste begirada bat bere gaitasun eta indarretatik. Ibrahimaren indar handi bat bere ahozkotasuna da, bere kulturatik edana, eta horretan oinarritzen saiatu naiz kontakizuna.

Ibrahimaren ahotsa irakurtzen da testuan; zure arrastoa ezabatzen ahalegin handia egin behar izan duzu?

Lehen bertsio bat idatzi nuen, gero zuzenketak egiten dituzu, baina kasik esan dezaket idazten bezainbeste denbora pasa dudala gero zuzentzen eta bereziki ezabatzen, ohartzen nintzelako batzuetan ni agertzen nintzela eta Ibrahimak ez zuela horren beharrik.

Hainbat solasaldi egin dituzu liburua aurkeztuz. Zer inpresio jaso duzu liburua irakurri dutenen artean?

Eskertua nago jasotakoagatik. Batez ere liburua entzun egin dutela esan didate, eta ondoan sentitu dutela Ibrahima, eta nire aldetik pozik nago, nire helburua hori zelako: migrante bat notizietan beste gisa batera pasatzen dena, edo zenbakien atzean gelditzen dena, hurbilago eta ondoan sentitzea, eta hor ahots bat eta gorputz bat sentitzea, ahalik eta hurbilen. Nire motibazio handietako bat hori zen eta uste dut beharrezkoa dela: hurbiltasun bat landu dezagun eta sentsibilitate pixka bat aplika dezagun gure herria zeharkatzen duen edo gure herrian gelditzen den jende horrekiko.

 
'MIÑAN'


SUSA

Narratiba saila. 131.a

152 orrialde

2019

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!