Koronabirusa

Zaintza erdigunean, itxialdian ere

Irati Saizar Artola 2020ko api. 23a, 16:22

Tolosaldeko Asanblada Feministak Ez zaude bakarrik kanpaina jarri du martxan, indarkeria matxista jasaten duten emakumeei babesa eta laguntza emateko, eta telefonoak eskura jartzeko.

Denbora da bizitzak erdigunean jartzeko beharraz hizketan hasi zirela, eta orain, alarma egoeran, inoiz baino ozenago eta argiago esan nahi dute pertsonak, osasuna eta bizitzak direla lehentasuna. Gogor kolpatu ditu egoerak hainbat sektore, baina, Itzea Urkizu Tolosaldeko Asanblada Feministako kidearen ustez, «krisialdiak gehien zapaldu dituenak emakumeak izan dira». Izan indarkeria matxista jasaten ari direnak, izan emakume langileak.

Tolosaldeko Asanblada Feminista kezkatuta dago konfinamendu egoeran indarkeria matxista jasaten duten emakumeek bizi duten egoerarekin. Horren aurrean, «emakume horiei babesa adierazteko», Ez zaude bakarrik kanpaina abiarazi dute, eta herritarrei eskatu diete Ez zaude bakarrik leloa idatzi dezatela paper edo oihal moreetan, eta leiho eta buzoietan jarri dezatela. Gogorarazi dute indarkeria jasaten ari diren emakumeek 900 84 01 11 telefonora edota 010 zenbakira dei dezaketela laguntza eske.

Egoera horretan dauden emakumeen datu zehatzik ez dute. Eider Olazar asanbladako kideak dioenez, «salaketarik ez dagoelako— falta dituzte datuak, «ez gertatzen ari ez direlako»; izan ere, «emakumeen estrategia isiltzea izaten ari da eta jarrera sumiso bat hartzea, beldur direlako». Era berean, zalantza ere badute emakume horiek modurik izango ote duten mugikor bat eskuartean izateko edota Internet erabiltzeko. «Agian batzuk ez dakite mugikorra erabiltzen ere; beraz, eduki ditzaketen jazarpen ezberdinengatik , zaila da haiek guri laguntza eskatzea eta gu haiengana iristea», dio Urkizuk. Horren aurrean, herritarrei dei egin diete indarkeria matxistaren aurkako «jarrera aktiboa» hartzeko, eta «kontzientzia zabaltzeko».

Egoeraren erdian «areagotu» den polizia jazarpena ere salatu dute, «bereziki, kolektibo jakin batzuen aurkakoa». Azaldu dutenez, jokabide arrazista bat baino gehiago gertatu dira Tolosan: «Zehazki, emakume magrebtar batek bere haurrarekin zaborra botatzera joan eta Ertzaintzaren partetik bizitzako umilazioa salatu nahi dugu». Jarrera arrazistarik ez dutela onartuko esan dute.

ZAINTZA, EZKUTUTIK AGERIRA

Krisialdiak aurrera egin ahala, sistemaren gabeziak ere azaleratzen doaz. Eta horien artean bat joarri dute oinarrian Olazarrek eta Urkizuk: «Zaintza». Zaintza lanak «oso garrantzitsu» bilakatu dira egun hauetan, «gehiago ikusarazten ari dira, behintzat», dio Urkizuk. Orain arte fokurik jarri gabe, ezkutuan egon diren hainbat lan azalera atera direla uste du Olazarrek. Besteak beste, zaintzaileak, etxeko langileak, osasun langileak edota supermerkatuetako langileak. «Lanbide horiek orain arte erabat ikusezinak izan dira, eta orain begira zeinen argi ari garen ikusten zein beharrezkoak diren gizarte eta jendarte honek funtzionatu dezan, eta, batez ere, pertsonon beharrak ase ditzagun». Horregatik diote garrantzitsua dela pertsonak eta bizitzak erdigunean jartzea.

Eta hor daude ere lau pareten artean lan egiten ari diren etxeko langileak, bai kanpo etxeko langileak eta baita barne etxekoak ere. Haiek ere egoera «prekario eta zaurgarrietan» daudela salatu du Olazarrek, «inongo babesik gabe». Gehitu duenez, lehenak izaten ari dira lanik gabe geratzen, lanaldi «bukaezinak» dituzte, eta esan duenez, portzentaje handi bat emakume migratzaileak eta administratiboki egoera irregularrean daudenak dira. Sistemaren hutsuneei begira, Asuncion klinikako langileen egoera eta Iurreamendi egoitzakoen baldintza «prekarioak» ere gogorarazi dituzte.

Orain arte, zaintza «sistema pribatizatua» izan dela salatu du Olazarrek: «Hein handi batean emakumeen gain erori dira lan horiek, familien gain, sistema pribatura bideratu direlako». Horren aurrean, sistema publiko baten beharra azpimarratu dute, «modu kolektibo batean antolatuko dena». Krisialdia amaitzen denean, egun martxan jarri diren probetxuzko hainbat gauza mantentzearen alde egin nahi dute, «nahi dugun jendarte eredua eraikitzeko».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!