Babestutako edukia

Errenta aitorpenetan ere euskarak dagokion lekua izateko

Ataria 2020ko api. 23a, 09:36

UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok 'Errenta aitorpena euskaraz' kanpaina jarri dute martxan, herritarrei hizkuntzaren hautua egiteko eskatuz.

Errenta aitorpenari ere eragin dio koronabirusaren gaitzak, baina errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan da, aurten ere, UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok elkarlanean jarrita.

Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratuta daude, baina dagoeneko bidaltzen hasia da Gipuzkoako Foru Aldundia autolikidazio proposamenak. UEMAk, udalek eta hainbat erakunde publikok jarritako kanpainak «herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen» bultzatu nahi du. «Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik», azpimarratzen dute UEMAtik.

«Administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea», azaldu dute. Eskualdeko udal askok babestutako kanpaina da martxan jarri dena. «Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi da», diote kanpainaren egileek. Eta helburuen artean gaineratzen dute: «Euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere».

Tolosaldeko herritarren artean ere bada zer hobetua. Iaz, errenta aitorpena 24.624 pertsonek egin bazuten, 7.721 pertsonek baino ez zuten egin euskaraz. Eskualde buru den Tolosa adibide hartuta, 10.322 pertsonetatik, 2.742k egin zuten euskaraz. Aldiz, Orexan, 66 pertsonetatik 51k aukeratu zuten euskaraz. Amasa-Villabonan 2.840tik, 725ek egin zuten euskararen aldeko hautua, eta Anoetan, 1080k egin bazuten aitorpena, 367k egin zuten euskaraz.

Errenta aitorpena egiteko hainbat bide daude aukeran, eta horietan euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk, udalek eta hainbat erakundek lortu nahi dutena. «Datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Eta, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko».

HIZKUNTZAREN HAUTUA

2009. urtetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Sailak eta Gipuzkoako 85 udalek euskaraz lan egiten dute. Gizartearen esku dago euskara bere egin eta erabiltzea, eta baita administrazioekin harremanak zein hizkuntzatan izan nahi dituen erabakitzea ere. Errenta aitorpena izan daiteke pausoetako bat.

Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan eginez gero, zergadunak bere euskarazko hautua adieraziko dio langile publikoari. Aldiz, Interneteko Zergabidea plataformaren bidez eginez gero, errenta aitorpena betetzean, hizkuntza aukera egiten da. Hau da, datu pertsonalak eta administrazioarekin harremana izateko hizkuntzan, euskara hautatu beharko litzateke. Baina bi bide horiek utzi, eta kudeatzaile agentzia baten bidez eginez gero, bertako kudeatzaileari, zergadunak bere euskarazko hautua adierazi beharko dio.

Esan, behin hautua eginez gero, Foru Ogasunak autolikidazio proposamena herritarraren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela. 

7.721 EUSKARAZ EGINDAKOAK

Tolosaldean 24.624 pertsonek egin zuten iaz errenta aitorpena, eta horietatik 7.721 izan ziren euskaraz egin zutenak. Euskaraz egindakoen kopurua zortzi herritan baino ez da gaztelaniaz egindakoena baino handiagoa. Amezketa, Baliarrain, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Lizartza, Orendain eta Orexako herritarren artean euskaraz egiteko hautua egin dutenak gehiago dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!