'Herriko tabernen' sententzia exekutatzen hasiko da Auzitegi Nazionala

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 22a, 16:56

Amasa-Villabonako Iratzar tabernako artxiboko irudia.

Espainiako auzitegiak hainbat kontu korronte enbargatu ditu dagoeneko. 2014ko sententziak 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, «ETAren egitura» finantzatzea egotzita; Gorenak berretsi egin zuen hori, 2015ean. Tartean dira Tolosako Intxurre, Amasa-Villabonako Iratzar eta Ibarrako Subegi. 

Sortuk salatu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen hasi da azkeneko egunetan, haien kontu korronteak enbargatzeko agindua emanda. Herriko taberna horien artean daude Tolosako Intxurre, Amasa-Villabonako Iratzar eta Ibarrako Subegi. 

Gipuzkoako Sorturen koordinatzaile den Haimar Altunak esan duenez, sententziaren exekuzioan urrats bat gehiago eman du Auzitegi Nazionalak. "Urrats hori da hainbat kontu enbargatu dituztela, baina horrek ez du esan nahi exekuzio hori burutuko denik, hau da, lokal guzti horiek estatuaren esku geratuko direnik". Sortuko kideak esan du ez dakitela zein modutan exekutatuko duten neurria, "modu desberdinak daude eta horrek ere denbora bat eskatzen du". Epeen inguruko informaziorik ere ez dute eta ez dakite asteetako edo hilabeteetako kontua izango den. "Gaur gaurkoz inkoginta bat da guretzat. Dakiguna da urrats bat gehiago eman dutela. Eta beraz, eraso berri honi erantzuteko epe motzean ezker abertzaleak herri honekin batera planteamendu politiko bat jarriko duela mahai gainean, bere haserrea adierazi eta erasoa salatzeko", gaineratu du. 

Atzera begira

Auzitegi Nazionalak 2014an atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta, kartzela zigor batzuk emateaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, «ETAren egitura» finantzatzea egotzita. 103 herriko tabernak jaso zuten zigorra, eta beste 11 herriko taberna absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak, horietako bederatzi, Gipuzkoan. 

Gorenak 2015eko ekainean eman zuen sententzia, eta, espetxe zigorrak jaitsi arren, kasik bere horretan utzi zuen herriko tabernen aurkako neurria —101 herriko tabernen bahitzea agindu zuen—. Haren epaia da Auzitegi Nazionala gauzatzen hasi dena. Gorenak 2015ean sententzia jakinarazi ostean, Efe berri agentziak Justizia Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu zuenez, herriko tabernak itxi eta enkantean ateratzea izango zen segitu duten prozedura, hortik ateratako etekinak «[Espainiako] Estatuaren mesedetan» erabiltzeko xedez, baina bost urtean ez dute mugimendurik egin.

Informazio gehiago berria.eus webgunean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!