Alzheimerra edota beste dementziaren batzuk dituztenak gogoan ditu Buru Bihotzez elkarteak, eta baita beraien zaintzaile edota senideak ere. Konfinamenduak jarraitzen duen bitartean, Maria Erdozain psikologoak eskainiko duen zerbitzua irekia eta doakoa izango da.
Alzheimerra edo beste dementziaren bat duen gaixo bati zertan eragiten dio hilabetetik gorako itxialdiak?
Egoera ezberdinak daude, eta kasu bakoitzak egoera ezberdinak izango ditu, baina, batez ere kosta egiten zaie egoera ulertzea. Zergatik ezin dugu etxetik atera? Kalera joan nahi izaten dute, eta aspertu egiten dira. Beraientzat oso garrantzitsua da errutina mantentzea, eta orain arteko errutinan kalera ateratzea bazegoen, orain, erabat puskatuak daude. Denok ari gara errutina berrira egokitzen, eta beraiek zailtasun handiagoa dute egokitzeko; hor dago zaintzaileen papera. Beti, eta batez ere orain, egiten ari diren ahalegina eskertzeko eta kontuan hartzeko modukoa da.
Ahaztu egiten dira zaintzaileak.
Normalean, beti esaten dugu zaintzailea zaindu behar dela. Baina horretarako, lanak batzuen artean banatu behar izaten dira. Beti dago zaintzaile nagusi bat, hau da, zama handiena eramaten duena. Egoera jasanezina ez izateko, lanak banatzea gomendatzen dugu; arinago izateko. Baina egoera honetan, zaintzaile bakarra izaten ahalegindu behar da, kutsatzeko arriskua gutxitzeko. Hilabete luze bat daramagu. 24 ordu, asteko zazpi egun... zaintza guztia eramaten, bada, oso-oso gogorra da. Gainera, kontuan hartu behar da, zaintzaileak bikotekideak direla askotan. Gaixoak 80 urte baditu, zaintzailea ere bere bueltan ibiliko da. Adinekoa izango da. Guretzat gogorra bada, pentsa beraientzat. Ez bakarrik fisikoki, baita psikologikoki ere. Normalean laguntzaren bat dute. Senideren bat, lagunen bat edo beste zaintzaileren bat, baina une honetan beraiek bakarrik daude zama guztiarekin.
Gaixoak bezain besteko laguntza behar du zaintzaileak?
Bai, laguntza beharko dute, edo errelebo pixka bat behintzat.
Zein gomendio ari zarete ematen egoera honi aurre egiteko?
Oso zaila da mundu guztiarentzat balio duten jarraibideak ematea. Ekintza konkretuak beharrean, kontuan hartu beharreko gako batzuk azpimarratu ditzakegu. Horiek kontuan hartuz gero, egoera kudeatzen lagundu diezagukete. Gure gaixoa ezagutzen dugu, eta egoerari aurrea hartzea litzateke garrantzitsua. Argi ibili behar dugu ea noiz hasten den urduri jartzen edo aspertzen. Momentu hori iritsi aurretik, aldatu egiten ari garena edo aldatu gaia. Aurrea hartzen ahalegindu behar gara. Errazagoa da jokabide nahaste bat saihestea, egoera sortzen bada, hori moztea baino. Orduan, garrantzitsua da aurre hartzea.
Eta zer egin aurrea hartzeko?
Oso lagungarria izango da sortzaileak izatea, eta gaixoarentzat atseginak edo gustukoak izan daitezkeen jarduerak prestatuta izatea. Jarduera ezberdinak prest edukitzea komeniko da, aldatzen joateko. Aspertu, nahastu edo haserretu baino lehen aldatzeko. Kontuan izan behar dugu, era berean, gaur balio izan duen gauza batek, agian, bihar ez digula balio.
Haserretzera ez iristea litzateke garrantzitsua?
Hori da. Eta beste puntu garrantzitsu bat umorea erabiltzea litzateke. Baina, egia da, 24 orduan ez dela erraza, eta bestea momentu oro kalera noiz irten behar dugun galdezka baduzu... Eta oso garrantzitsua da, era berean, entretenituta egotea. Aurrez aurreko eztabaida bat baino hobea da, entretenituta egotea; norbaitek berarekin hitz egin nahi duela esan eta deitzea, gustuko zerbait egitea, sukaldea, loreak, musika... Trukoa entretenitzean dago, nahiz eta beti ez den erraza.
Egoera luze doa. Beharrezkoa dute mugitzea?
Komenigarria da, baino balantzan jarri behar dugu dagoena. Arrisku taldekoak dira. Kasu bakoitza aztertu beharko litzateke atera aurretik, eta neurri zorrotzak hartu. Eta zaintzaileak, berriz, gainezka daude. Uste baino gehiago luzatzen ari da. Nekatuta daude dagoeneko bai fisikoki eta baita psikologikoki ere.
DOAKO TELEFONO ZENBAKIA
Alzheimerra edo antzeko dementziak dituzten gaixoen eta haien senitarteko, lagun eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako Buru Bihotzez elkarteak bere psikologoa jarri du behar dutenen eskura.
Maria Erdozain psikologoarekin 688 760 927 telefono zenbakira deituta edo whatsapp bidez mezua bidalita hitz egin daiteke. Kontsultak egiteko arreta ordutegia astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta asteburuan 10:00etatik 13:00etara da.