Koronabirusa

Gure Esku-k solasaldi digitalak egingo ditu

Ataria 2020ko api. 21a, 15:32

Gure Eskuk solasaldi digitalen ziklo bat abiaraziko du ostegunean. Lehen hitzorduan Tolosako Garbiñe Ubeda idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgileak, eta Hedoi Etxarte idazle eta Katakrak liburu dendako kideak hartuko dute parte. 

Gure Esku-k Gelditu. Hausnartu.Erabaki solasaldi digitalen zikloa antolatu du. Lehen hitzordua ostegunean izango da eta Gure Esku-ren Youtube-ko kanalean ikusi ahal izango dira. Solasaldi horietan bi edo hiru hizlari elkarren artean solastuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte. Gure Esku-ren iritziz "krisiak inflexio puntu izaten dira: aurreko ereduetan sakontzeko ala bide berriak hartzeko aukera", eta "norabide bat ala beste hartu herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta" erabaki dute ekimena abiaraztea. 

Lehen hitzordua ostegunean izango da, 19:00etan, euskaraz, eta kulturari buruz ariko dira Tolosako Garbiñe Ubeda, Gotzon Barandiaran eta Hedoi Etxartekin batera. 

Internet bidezko solasaldi hauetan, bi edo hiru hizlari elkarren artean solastuko dira, ordu erdiz, eta dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte.

Egitaraua: 

Kultura: apustu egiteko garaia
Apirilaren 23an —19:00— Euskaraz
Garbiñe Ubeda idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Gotzon Barandiaran idazlea eta kulturgilea, eta Hedoi Etxarte idazlea eta Katakrak liburu dendako kidea.
 

Espazio publikoaren itxiera
Apirilaren 28an —19:00— Euskaraz
Mario Zubiaga politologoa, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta Gure Esku-ren zuzendaritza kontseiluko kidea; eta Xabier Barandiaran soziologoa, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta GFAko estrategia arduraduna.
 

Gobernantza ereduaren krisia
Apirilaren 30ean —19:00— Gaztelaniaz
Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea eta Zelai Nikolas legelaria eta Gure Esku-ren zuzendaritza kontseiluko kidea.
 

Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara
Maiatzaren 5ean —19:00— Euskaraz
Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarra eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomilaria, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kidea.

Sistemaren krisia
Maiatzaren 7an  —19:00etan— Gaztelaniaz
Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa, ikertzailea, irakaslea eta aktibista feminista. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!