Covid-19a indarrez sartu dela helduen egoitzetan adierazi dute LAB sindikatutik: "Kasuak ugaritu egin dira langileen eta erabiltzaileen artean, eta baita erabiltzaileen heriotzak ere". Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan ere kasuak langileen eta erabiltzaileen artean zabaltzen ari direla diote, eta "herri desberdinetan, gauza bera gertatzen da dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako zentro eta zerbitzuetan, eta baita esku hartze sozialeko zerbitzuetan ere".
Lehenik eta behin , gizarte-zerbitzuetan gertatzen dena erakundeetatik babesten den ereduaren isla dela salatu dute: "Behin eta berriz eskatu ditugun neurriak hartzeari uko egitearen ondorio dira". Norbaitek gertatzen ari denaren erantzukizunak hartu beharko dituela bere gain ere esan dute, eta "guk garbi daukagu eskatzen jarraituko dugula".
Hartu beharreko neurriak
Hirugarren adinekoentzako eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako, eta esku hartze sozialeko zentroetan egoitza-zentroei dagokienez, lantoki bakoitzari egokitutako prebentzio-neurriak bermatu behar direla nabarmendu dute, "kutsatzeak saihesteko". Neurri hauek, "laneko arriskuen prebentzio batzordetan negoziatu behar dira, eta langile guztiei behar bezalako informazioa eta prestakuntza eman behar zaie". Egoera bakoitzerako norbera babesteko ekipamendu eraginkorrak bermatu behar direla ere ekarri dute gogora, eta kutsatzeko duten arrisku egoera aitortu behar zaiela langileei.
Informazio bideak hobetu behar dira LAB sindikatuaren iritziz. "Langileek une oro jakin behar dute zein den euren lantokiko egoera, baita erabiltzaileen senideek ere. Faktore emozionalak berebiziko garrantzia du bizitzen ari garen egoera honetan".
Berandu bada ere, helduen egoitzetan langile eta egoiliar guztiei probak egiten ari zaizkiela adierazi dute, baina dibertsitate funtzionala duten eta esku hartze sozialean ez dela horrela salatu dute.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaz
LAB-en iritziz ez da zerbitzurik eten behar, eta zerbitzua berrantolatu eta zuzeneko zerbitzuei lehentasuna eman behar zaie; elikadura barne.
Udalak ordu guztiak ordaindu behar dituela aldarrikatu du sindikatuak, "alarma egoeraren aurretik kontratatuak eta bermatuak". Zerbitzu berriak aktibatu behar direla automatikoki azpimarratu du, itxaron zerrendan zeudenak eta egungo beharrizanaren ondorioz sortu direnak:
"Langile gehiago kontratu behar da herritar hauen behar izanak asetzeko. Nahitaezko isolamendu egoerak larriagotu egiten ditu adineko pertsona ahulenen eta familia ingurune eskasa dutenen bizi baldintzak".
Bestalde, argi dute: "Herritarren eta boluntarioen ekimenez, oinarrizko jarduerak garatzeko zailtasunak dituzten pertsonak identifikatu behar dira eta udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetako profesionalek egin behar dituzte oinarrizko premiak bermatzeko zerbitzuak".
Egoera bakoitzerako, sindikatuaren ustez: "Norbera babesteko ekipamendu eraginkorrak bermatu behar dira, eta kutsatzeko duten arrisku egoera aitortu behar zaie langileei".
Tolosako Udalari zuzenean ere zuzendu zaio sindikatua: "Behin baino gehiagotan esan diogu bere menpe dagoen zerbitzua denez, langileek babes neurriak izan ditzaten baliabideak jarri eta bermatu behar dituela".
Etxeko langileen kasua da ondorengoa. "Gizarte Segurantzak eta lan agintaritzak egoeraren jarraipena egin behar dute, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak jarri behar dituzte". Gainera, "sektore horren ezaugarriengatik eta Covid-19ak enpleguan eta bizi-baldintzetan dituen ondorioengatik, beharrezko neurriak aktibatu behar dira gainerako langileekin parekatzeko, prestazioak aitortzeari dagokionez".
Langile eta egoiliar denei berehala probak egin behar zaizkiela ere exijitu dute.
Bukatzeko, "Iurreamendin sortu den egoera tamalgarri honen ondoren animorik handienak senitartekoak galdu dituzten familiei, eta bereziki langileei, jasan duten eta jasaten ari diren lan kargak, emozioak eta estresarengatik". Eta, "gaur egun zerbitzu esentziala diren bezala, egoera hau bukatzean, ea behingoz errekonozitzen den langileen lana, zaintzaren lana erakundeak ahaztuta duena", nabarmendu dute.