Ipuin liburu bat biltzen du Unai Elorriagaren (Algorta, 1972) nobela berriak, eta adiskidetasunari, literaturari eta zahartzaroari buruzko begirada pertsonala gordetzen du.
Liburuko protagonistak, Soro Barturenek bizi duen pasio berberaz bizi duzu zuk literatura?
Are gehiagoz, esango nuke nik. Gure zoroa da hori. Guk bizkaieraz ez ditugu z eta s bereizten, soro esaten dugu eta horregatik jarri diot izen hori protagonistari. Neu bezalakoek literatura denbora guztian daukagu gogoan, zer egin, zer idatzi, nola idatzi, zertarako idatzi eta horrelako galderak darabiltzagu buruan. Hori da gure zoroa, azken batean.
Protagonistak ipuinen balio estetikoaz ageri duen kezka hori ere zure egiten duzu? Zure liburuek beti behar dute berritasuna?
Bai, hori da ahalegina behintzat. Aurretik idatzitakoa idazteak ez dakit merezi ote duen. Hala ere, greziarrek aspaldi esaten zuten dena idatzita dagoela, ez dagoela ezer berririk eguzkipean. Hori sinetsiz gero aspaldi utzia genuke literatura. Nik sinetsita daukat ez dela horrela, gauza berriak sor litezkeela arte guztietan. Urtero-urtero ikusten ditugu gauza berriak musikan eta zineman. Eta literaturan zergatik ez? Lantzean-lantzean ateratzen dira berritasunak eta gu horretan ari gara. Batzuetan lortuko dut aurrerapen txiki bat, kasuen %99an ez, baina ahalegina hor dago. Dena ezin dugu ezagutu eta dena ezagutzen ez dugunez, ez dakigu zer den berria eta zer ez. Beharbada guretzat berria dena, Australian zaharkituta dago. Hori da beste kezka bat. Azkenean, hausnarketa da planteatzen dudana, literaturaren inguruan, berritasunaren inguruan, originaltasunaren inguruan...
Ipuinak ageri dira liburu honetan eta badago hari narratibo bat elkarrekin lotzen dituena. Ipuinak sortu eta gero josi duzu hari hori?
Egia esateko bai. Nik hasiera batean ipuin liburua idatzi nahi nuen. Beti eduki dut neure burua ipuin idazletzat eta kuriosoa da aurretik bost liburu argitaratu ditudala eta bat bera ere ez dela ipuin liburua; edo lagun batek behin esan zidan bezala, nobela horiek ipuin multzoak dira. Nire aurreko liburuak nobela bezala aurkezten diren arren barruan ipuin asko dauzkate. Kasu honetan nabarmen egin nahi nuen ipuin liburu bat. Horrela pentsatuta neukan eta buruan neuzkan ipuin guztiak. Baina halako batean iruditu zitzaidan ipuin liburuak, poema liburuak edota arte bildumak askotan gelditzen direla oso barreiatuta. Jendeak koadroak ikusten dituenean, lehenengoarekin gozatzen du, bigarrengoarekin ere bai, baina hamazazpigarrenera iristen denean apur bat nekatuta dago hainbesteko edertasunez eta berrehungarren koadroan dagoeneko ez daki zer ikusten ari den ere. Iruditzen zait poesia liburuekin eta ipuin liburuekin berdina gertatzen dela. Nolabait tranpa txiki bat egin nahi nuen jendeak liburua unitate gisa kontsideratzeko. Gero, egia esan behar badut, idazteko prozesua oso lineala izan da. Hasi nintzen ipuinak josten dituen hori idazten, gero ipuin bat, gero hari zati bat eta horrela amaitu arte. Irakurleak irakurriko duen moduan idatzi dut liburua, nahiz eta, buruan, ipuinak zeuden lehenengo.
«Bizitzari begiratzeko modu oso kuriosoa daukan pertsonaia sortu dut, ironikoa»
Zenbateraino dira elkarrengandik diferenteak 'Iturria' honetan ageri diren ipuinak?
Ez dakit zenbateraino, azken batean, buru bakarra baitaukat nik. Monterrosok esaten zuen hiru gai baino ez daudela munduan: maitasuna, heriotza eta euliak. Oso modu ironikoan esaten zuen, adierazteko, heriotza eta maitasuna baino ez direla gai posibleak, hortik eratorriak direla gainerakoak. Gaixotasuna har dezakezu heriotzatik eratorritako gai bat bezala, edo familia maitasunetik eratorritakoa bezala. Gaiak oso gutxi dira eta nire liburuan ere hori ikusten da. Gai nagusia heriotza da, beharbada, hori izan delako artean landu den gai nabarmenetako bat. Etengabe agertzen da han-hemen. Heriotzari buruz ez dakigu ezer. Beste gauza guztiei buruz zer edo zer jakin dezakegu eta zientifikoki analiza ditzakegu, baina heriotza ez. Imajina dezakegu zer gertatzen den heriotzaren ostean, baina inork ez daki ezer. Zelai zabal-zabal bat badago komentatzeko ipuinotan.
Zure aurreko liburuetan bezala, oraingo honetan ere ageri dira absurdoa eta surrealismoa. Zergatik baliabide hori?
Gustuko dudalako. Idazle batzuk izugarrizko teoriak eraikitzen dituzte beren lana esplikatzeko eta azken batean zer dago horren atzean? Zergatik idazten du jendeak? Disfrutatzeko. Kirola egiten edo kantatzen dugun modu berean gozatzen dut nik idazten. Gai sakonetara joan zaitezke, bai, baina azken batean idazten badugu disfrutatzeko da. Askotan sufritu ere egiten dugu, baina mendian gora goazela ere sufritzen dugu. Gauza surrealistak idazten ditut horrekin gozatzen dudalako eta horiek idazten barre egiten dudalako. Surrealismoa eta absurdoa lantzen duten liburuekin gozatu izan dut eta horrelako liburuak idatzi nahi ditut. Gozatzen dut hori besteei eskaintzen ere.
Bi adineko dira protagonista liburuan. Berriro ere adin sektore honetara jo duzu.
Agian psikoanalisia egin beharko didate hori aztertzeko [barrez]. Zahartzaroa asko interesatzen zait. Ematen du ez dagoela modan, gizartean kontrako joera dagoela baina niri oso erakargarriak iruditu zaizkit edadekoak. Gure ume sasoiko zaharrek begiratu zer-nolako bizimodua izan duten: gerra, gerraostea bizi izan dute, eta haien aitona-amonek karlistadak ere bizi izan zituzten. Oso interesgarria egiten zitzaidan hori dena. Ni familia handi bateko gazteena naiz eta nire aitona-amona guztiak XIX. mendean jaio ziren. Haiek beste mundu bat ezagutu zuten eta guk ulertzen ez genituen gauzak ekartzen zituzten etxera. Hori islatu nahi izan dut liburu honetan ere.
Badago, baita ere, hizkuntzen joan-etorri bat liburuan. Zergatik kezka hori?
Asko interesatzen zait. Urte asko egin ditut nik itzultzaile moduan eta orain ikastaro bat ematen dut itzulpengintza literarioaren inguruan. Hizkuntzen joan-etorria oso interesgarria da. Hor galtzen direnak eta irabazten direnak, hor egiten diren bertsioak... Nire zoroetako bat, beste zoroetako bat, beharbada, itzulpengintza eta kultur arteko aberastasun horiek lantzea izan da. Zortez, nire liburuak oso itzulita daude, 12-14 hizkuntzetara, eta horrek ere asko eman dit. Beti egon naiz harremanetan nire itzultzaile guztiekin eta horrek eman dit beste kultura batzuk eta beste itzulpen era batzuk ezagutzeko modua. Zer irabazi dudan nik, zer irabazi duten eurek... zer pentsa ematen dit horrek, baita ikusteak zein gaizki-ulertu egon diren kultura eta hizkuntza aldetik. Modu batera, liburu honetan ere eman nahi izan dut kezka horien berri.
Denbora luzea eman duzu liburu hau prestatzen?
Bai, egia esateko bai. Bost urte joan dira hasi nintzenetik bukatu dudan arte. Tartean gauza asko egin izan ditut, denbora asko jan didaten gauza asko, besteak beste, oposizio batzuk atera nituen irakaskuntzan aritzeko eta ingeleseko titulua ere lortu nuen. Baina hala ere, ideiari lehenengo bueltak eman nizkionetik liburua argitaratu den arte denbora joan da. 2015ean hasi nintzen idazten eta 2019an amaitu dut. Oso ipuin diferenteak dira eta denbora tarte bat hartu nahi izaten nuen ipuin bat idaztetik bestea idaztera. Lehen esan dudan bezala, idazleok buru bakarra daukagu, eta joera handia dugu bi ipuin elkarren segidan idatziz gero, estilo eta tonu berbera erabiltzeko. Joera naturala da hori. Nola edo hala burua garbitu nahi nuen. Hortaz, ipuina idazten nuen, horren segidako haria idatzi eta ipuin batetik bestera, sei-zortzi hilabeteko epea pasatzen uzten nuen. Behin denbora hori pasata, burua nahikoa egurastuta zegoen beste tonu bat, beste hizkuntza bat, beste narratzaile tipo bat, beste estilo bat hartzeko.
2014an kaleratu zenuen 'Iazko hezurrak' zure aurreko nobela. Oraingo honekin alderatuta, oso bestelako liburua zen hura.
Bai. Oso gogorra izan zen sormen prozesua. Hor bai bost urtez jardun nintzela erabateko dedikazioz liburua idazten. Horretara dedikatu nintzen denbora horretan, dokumentazioa lortzera, nobela egituratzera, tonu bat lortzera... Oso liburu mardula da, biolentziaren ingurukoa, eta psikologikoki niretzako ere gogorra izan zen. Niretzako infernu bat izan zen, nolabait esateko, eta behin hura bukatuta esan nion neure buruari, 'orain disfrutatzera noa'. Iturrian sortu dut pertsonaia zoro bat, Soro Barturen, guztiak berdin diona eta bizitzari begiratzeko modu oso kuriosoa daukana, ironikoa eta berezia. Oraingo liburuarekin aurreko lanak zuen zama guzti hori kendu eta umoretik tiraka gehiago gozatu nahi nuen.
Jostaria da liburu hau.
Bai, liburua erabat jostaria da. Olgetan egiten du, bizitzarekin, literaturarekin, zahartzaroarekin, eta baita heriotzarekin ere. Jendeak ez dezala pentsa liburu tristea denik. Oso tonu arina dauka eta umorezalea da. Hori esan didate behintzat irakurleek, Soro Barturenekin barre asko egin dutela. Ipuin batzuk larriagoak dira, egia da, baina horrek kontrapuntua ere eman dio liburuari. Nik uste dut disfrutatzeko liburu bat dela, bai idazteko eta baita irakurtzeko ere.
Behin 'Iturria' kaleratu ondoren, zer dabilkizu buruan?
Buruan beti ibiltzen dut libururen bat, baina oraingoz ez daukat oso argi, nahiago dut ezer ez esan. Hori bai, orain nobela grafiko baten proiektua darabilt esku artean. Gidoia egiten nabil, Algortako marrazkilari bat lagun hartuta. Sinopsi bat prestatu nuen eta asko gustatu zitzaion. Argitaletxea ere, antza, pozik dago ideiarekin. Orain hasi gara lehenengo irudiekin eta aurreneko eszenak muntatzen. Niretzat mundu diferentea da, sekula ez dudalako egin. Ikaragarri disfrutatzen nabil. Marrazkilaria oso tipo fina da, literaturaren beste zoro horietako bat eta asko irakurtzen du. Berria naiz mundu honetan eta nola idatzi esaten dit berak eta marrazkietarako ere nik egiten ditut nire ekarpenak. Horrela gabiltza. Ea zer ateratzen dugun hortik.
ITURRIA
Egilea: Unai Elorriaga.
Argitaratze data: 2019ko urria.
Argitaletxea: Susa.
Orriak: 241.
Azala: Lander Garro.
Autorearen beste obra batzuk: SPrako tranbia (2001) Van´t Hoffen ilea (2003)
Vredaman (2005)
Londres kartoizkoa da (2009) Iazko hezurrak (2014).