Epaitegiak arrazoia eman dio ELAri Iurreamendi eta San Jose (Ordizia) zentroei buruzko bere demandan, sindikatuak jakinarazi duenez: "Donostiako Lan Arloko Epaitegiak bi auto ezagutzera eman zituen atzo, ZuetaBiok eta Eulen Servicios Sociosanitarios enpresei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari presaz eta berehala, pandemiak irauten duen bitartean, araudian onartutako neurri guztiak bete ditzaten eskatzeko: gidak eta protokoloak osorik betetzea, eta egoitzen egoerari erantzuteko premiazko laguntza eskatzea, beste neurri batzuen artean. Hau izan da ELAk jarritako salaketa baten erantzuna. Gogoratuko denez, Tolosako Iurramendi, Ordiziako San Jose eta Zumarragako Argixao egoitzetako langileen osasun, bizitza eta osotasun fisikorako eskubidea babesteko hiru eskaera aurkeztu zituen ELAk joan den astean". Horrez gain, sindikatutik azaldu dutenez, Gipuzkoako Aldundiari exijitu dio zentroen egoera larria ez ezkutatzeko.
ELAtik autoaren balantzea egin dute, sindikatuak eta langileek aspaldidanik salatzen dutena bermatzen duela esanaz, "baita pandemia baino lehenagokoa ere: langileen falta eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko neurririk eza agerikoak baino gehiago dira, eta presaz zuzentzen ez badira, ondorio larriak izango dituzte horrelako arrisku-sektore batean".
Gipuzkoako Foru Aldundiari mezua
ELA sindikatuaren esanetan, diputazioa prentsaurrekoak ematen aritu da dena ondo zegoela esanaz, baina errealitatetik urrun, hortik epaitegian salaketa eta honen erabakia: "Gipuzkoako Foru Aldundiak, pribatizatutako zerbitzu publiko baten % 90eko arduradun nagusi eta finantzatzaile gisa, langileei, sektoreko sindikatu nagusiari eta familiei lagundu eta entzun beharrean, prentsaurrekoak eman ditu dena ondo zegoela adieraziz, sindikatuaren eta langileen salaketak zalantzan jarriz, eta kolaborazioa eskatuz; alta, Aldundiko errektoreek ELAk eskainitako laguntzari sistematikoki uko egin diote".
Enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ondorengoa eskatu diote sindikatutik: "Birpentsatzeko eta beren erantzukizuna beren gain hartzeko, eta langileei, sindikatuei eta erabiltzaileen familiei entzuteko".
Gainera, "premiazko laguntza eskatzeko" eskatzen du autoak, eta, horregatik, ELAk Osakidetzaren esku-hartze integrala eskatzen du, zahar-egoitzetan profesionalak kontratatzeko, bajan edo berrogeialdian dauden langileak ordezkatzeko eta kolektiboaren osasuna bermatuko duen materiala emateko, "guztion artean pandemia horren ondorio tragikoenak saihestu ahal izan ditzagun".
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aldetik, epaibidea argitu arte adierazpenik ez duela egingo azaldu du.