Covid-19ak sortutako pandemiaren biktima handienen artean kokatzen dira kirolariak. Ezin dituzte entrenamendu saioak behar bezala egin, eta gainera, lehiaketa asko atzeratzen ari dira. Kasu batzuetan, berriz, probak bertan behera geratu dira. Besteak beste, igerilariak dira krisi honen eragin handiena pairatu dezaketenak. Igerilari profesionalen prestatzailea den Fred Vergnoux frantziarrak adierazi zuenez, «lau hilabete beharko dituzte lehen zuten sasoia berreskuratzeko, ezin baitute uretan entrenatu, eta etxean egiten diren ordezko ariketek ez dute askorako balioko».
Ur irekietan aritzen diren Erika Amundarain billabonatarra, Iker Chamorro alegiarra eta Ioseba Mateos ibartarra dira horren lekuko. Iaz, udazkenean amaitu zuten zeharkaldi luzeetako denboraldia, eta orain gutxi arte, 2019-2020 denboraldirako prestatzen ari ziren. Urria eta azaroa lasai hartu ondoren, abendutik aurrera, plangintza jakin bat zuten. Astean zehar, lauzpabost saio egiten zituzten igerilekuan, eta bi orduz aritzen ziren gimnasioan. Azkenik, astebururo, itsasoan egiten zuten entrenamendu bat. «Sasoiko jartzen ari ginen entrenamenduetan, denbora oso onak lortuz. Motibazio handia genuen», aipatzen dute.
Konfinamendua hasi zenetik, baina, zailagoa izaten ari da dinamika onari jarraipena ematea. Igeriketako Nazioarteko Federazioak, esaterako, dokumentu bat publikatu du igerilarientzat, ariketak gomendatzeko. Eskualdeko igerilarien kasuan, astean 5-6 entrenamendu egiten dituzte. Egunero, ordubetetik gorako saioa egiten dute bizikletan, eta goma berezi batzuekin, igeriketako mugimenduak lantzen eta ariketa desberdinak egiten aritzen dira, beste ordubetez. «Lasaiago ari gara orain. Uretara noiz itzuliko garen ez jakin arren, esperantza galdu gabe forman mantentzen saiatzen gara. Gero, igerilekuan entrenatzea zaila izango denez, itsasora joatea izango da lehen aukera».
ERRONKA UGARI, JOKOAN GUTXI
Amundarainek, bi proba zituen egutegian markatuta: uztailaren 25ean eta irailaren 5ean jokatzekoak diren 5,5 kilometroko II. Zarautz-Getaria-Zarautz eta 23 kilometroko VI. Triple Corona Illas Atlanticas zeharkaldiak. Proba horiei begira, maiatzaren 15ean, ekainaren 14an eta uztailaren 11n, 10 kilometroko VII. Los 10.000 del Soplao, 2, 5 kilometroko VII. Mdk Swim eta 17 kilometroko II. Desafio Mar de Santillana zeharkaldietan parte hartzeko asmoa zuen; hirurak, ordea, 2021era atzeratu dira.
Chamorrori eta Mateosi dagokienez, lau erronka zituzten begiz jota. Batetik, ekainaren 27an ospatzekoa zen IX. Batalla de Rande 27 kilometroko proban lehiatu behar zuten; hori, ordea, datorren urtera atzeratu dute. Bestetik, uztailaren 25ean eta 26an II. Zarautz-Getaria-Zarautz eta 50. Getaria-Zarautz zeharkaldietan aritzekoak dira, baita 23 kilometroko VI. Triple Corona Illas Atlanticas proban ere.
Lau proba horietarako entrenamendu modura, II. Desafio Mar de Santillana proban aritzeko asmoa zuten biek. Mateosek, gainera, apirilaren 26an jokatzekoa zen, eta irailaren 27ra atzeratu duten TRB Swim Doble Corona 2,5 eta 5 kilometroko proba konbinatua, VII. Los 10.000 del Soplao eta VII. Mdk Swim lasterketetan aritu behar zuen. Ondorioz, aurtengo egutegian, apirila, maiatza eta ekaina zurian geratu zaizkie, proba guztiak bertan behera geratu direlako. Udako zeharkaldietarako, antolatzaileen erabakiaren zain daude, jokatuko diren ala ez jakiteko.
BELDURRETIK ETA ZALANTZATIK
Osasun krisia ez ezik, krisi ekonomiko handia eragiten ari da koronabirusa, eta igerilariak ere, hori antzematen hasiak dira. «Izen emate gehienak eginda eta ordainduta ditugu. Batzuek dirua itzuli digute, baina asko blokeatuta daude». Atzeratutako proben kasuan, batzuetan izen-ematea gordeta geratu zaie. «Baina izen-emateez gain, kontuan izan behar da bidaiak aurrez hartuta eta hotelen erreserbak eginak ditugula. Batzuetan dirua berreskuratuko dugu, baina besteetan dirua galdutzat jotzen dugu». Horregatik, ez dira ausartzen beste zeharkaldi batzuetan izena ematen, «beldurragatik».
Kirol honen etorkizun laburra «zalantzagarria» dela diote, batez ere, lasterketetarako prestaketa lanak egiteko denbora faltagatik. «Neguan eta udaberrian esfortzu handiz entrenatzen dugu. Hilabete horiek oso garrantzitsuak izaten dira, gerora, udako nahiz udazkeneko zeharkaldietan emaitza onak lortu ahal izateko gaitasuna izateko».