Atzo berriro Tolosaldeko ehunka langile lantokietara itzuli zen. Egoera martxoaren 14tik aurrera izan zena da atzodanik. Dekretu horretan konfinamendua ezarri eta mugimendu askatasuna murriztu zuen gobernuak eta zein lan jarduera baimentzen diren zehaztu zuen, tartean, industria eta obra berrien eraikuntza. Hortaz, funtsezkoak ez diren jarduera batzuetan lanean ari dira dagoeneko. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo lau enpresatik batek zabaldu zituen ateak.
Lantoki gehienek, ordea, jarduna etenda daukate, beste enpresen funtzionamendurako ezinbestekoak diren jarduerak egiten ez dituztelako (osagaiak, garbitasuna, segurtasuna, mantenua, konponketa eta pertsonen eta merkantzien garraioa), edota krisialdiagatik lan karga gutxitu zaielako. Hain zuzen, koronabirusaren eraginez negozioek «inpaktu minimoa» izan dezaten, autonomoei eta enpresei zuzendutako neurri ekonomikoen gida prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
AHOLKULARITZA TOLOSALDEAN
Autonomo eta enpresa txikiek dituzten zalantzak argitu eta tramiteetan laguntzeko sarea osatu du aldundiak hainbat eragilerekin elkarlanean eta eskualdeari dagokionez Tolosaldea Garatzen da aholkularitza zerbitzua eskainiko duen erakundea. Aimar Arzelus, garapen agentziako enpresa saileko teknikariak azaldu duenez autonomo, enpresa eta ekintzaileen kontsulta asko jaso dituzte azken egun hauetan: «Galdera konkretuak baino, krisialdi hau hobeto gainditzeko zein laguntza egon daitezkeen jakin nahi du jendeak».
Argazki orokor bat eskaintzen diete autonomo eta enpresari txikiei, eskura dituzten erreminta nagusiak zeintzuk diren jakin dezaten. «Norbera bere kabuz bilatzen hasiz gero zoratu egin daiteke, informazio asko ateratzen ari baita egun hauetan. Gipuzkoako Foru Aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik edota Espainiako gobernutik martxan jarri diren laguntza lerro nagusien informazio bateratua eman dezakegu guk», azaldu du Arzelusek.
«Ziurgabetasun» egoera honen aurrean, krisialdia hobeto gainditzeko administrazioek eskaintzen dituzten neurrien berri jakin nahi dute autonomo eta enpresa txikietako arduradunek eta larritasunari erantzuna ematen saiatzen dira Tolosaldea Garatzenen, «eragile ekonomiko bakoitzak dituen ezaugarrietara egokituta».
Aldundiek, esate baterako, zergapekoei ordainketak geroratzeko moduak eskainiko dizkiete, eta, aldi berean, ogasunek haiei egin beharreko itzulketak aurreratuko dituzte. Aldaketek, batez ere, langile autonomoei eta enpresa txikiei «arnasa pixka bat» ematea dute helburu, aldundietatik adierazi dutenez. Arzelusek nabarmendu duen beste laguntza lerro nagusia enpresen egiturazko gastuak finantzatzeko ateratakoa da: «Alokairuak, soldatak, hornitzaileekin izan ditzaketen akordioak... sarrerak eduki edo ez ordaindu behar diren gastuak dira eta gastu horiek finantzatzeko laguntzak atera dituzte, mailegu moduan. Diru hori itzuli egin beharko da baina baldintza hobeagoetan, komisio txikiagoekin eta beste zenbait abantailekin».
Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik telelana bultzatzeko egiten ari diren saiakeraz ere aritu da Tolosaldea Garatzeneko enpresa saileko teknikaria: «Laguntza lerro ezberdinak atera dituzte enpresek erraztasunak izan ditzaten euskarri fisikoak eskuratzeko, baina baita software-ak erosi eta aholkularitza espezializatua jasotzeko. Segurtasun parametroak kontuan hartuta enpresa batean telelana ezartzeko bitartekoak eskaintzen dira laguntza hauen bitartez. Telelana ez baita bideo deien bitartez pare bat bilera egitea soilik, funtzionamendu ona izan dezan azpiegitura eta formazioan inbertsio batzuk egin behar ditu enpresak».
COVID-19ak ekarri duen krisiari aurre egiteko ahalik eta bitarteko gehien ematea da erakundeetatik bultzatu nahi dutena, baina hala ere, Arzelusek aitortzen du egoera «zaila» dela. «Kasu askotan oso hauskorra izango da hau pasatakoan geratuko den egoera». Zehazki neurtzen ez dakite zein ondorio ekarriko dituen baina autonomo eta enpresa txikietan ondorio larriak utziko dituela uste dute teknikariek: «Aurretik gihar bat zeukaten enpresek, gihar finantzarioa edo ahalmen ekonomikoa zeukatenek, hobeto jasango dute krisi hau, baina justu zebiltzanak ikusi beharko dugu nola egiten dioten aurre».
Autonomo eta enpresa txikiek eskaintzen zaizkien aukeren inguruko argazki bat jaso ahal izango dute Tolosaldea Garatzenen datozen asteetan. Konfinamendu egoeragatik Lehiberri zentroak ateak itxita dauzka egunotan eta ez dute arreta presentziala eskaintzen. Baina kontsultak edozein momentutan egin daitezke telefonoz. 943 65 45 01 (2. luzapena) zenbakira deituta jaso daiteke aholkularitza, edo bestela, lehiberri@tolosaldea.eus helbidera idatzita.