Koronabirusa

ELAk salatu duenez hirugarren adinekoen egoitzen %80an ez da langileen lan-osasuna bermatzen

Ataria 2020ko api. 11a, 17:40

Artxiboko irudia. Villabonako Santiago egoitzan protestan

Langileen %70i baino gehiagori ez zaie egin Covid-19ren testa sindikatuaren esanetan. ELAk adierazi du "ez egoiliarrak ez langileak ez direla inoiz lehentasuna izan gure erakundeentzat".

ELAk salatu duenez, koronabirusak eragindako krisi garaian, adinekoen egoitzen %80an oraindik ere "gabezia larriak" atzematen dira lan osasunaren arloan: "profesionalen %70i baino gehiagori ez zaie testa egin kutsatuta dauden jakiteko, eta egoitzen herenetan baino gehiagotan oraindik ez da desinfekzio orokorreko lanik egin".

Sindikatuak erakundeei gezurretan aritzea leporatu die, "beren lehentasuna hirugarren adinekoen egoitzetan gertatzen ari den kutsatze eta heriotza tasa altua gelditzea dela diotenean".

ELAren ustez ez egoiliarrak ez langileak "ez dira inoiz lehentasuna izan gure erakundeentzat". Eta hori zenbakiek azaltzen dutela diote sindikatutik: "Datuek argi erakusten dute. Gobernuen interesa funtsezko zerbitzu hori pribatizatzea izan da, eta kasu askotan, gobernatzen duen alderdi politikoari lotutako enpresen esku uztea, eta horiek, ondoren, multinazionalei edo putre-funtsei saltzea, egoitzak adinekoen aparkaleku bihurtzen dituzten bitartean".

Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta hiru aldundiek behin eta berriz adierazi dute beren lehentasuna hirugarren adinekoen zentroak direla, gogoratu du ELAk, baina errealitatea bestelako dela gaineratuz: "Bai ELAren azterlanaren datuek, bai egunero emakume langileek pairatzen duten errealitateak, bai hildako, kutsatutako eta baja-egoeran dauden langileen kopuruak – Gure gobernariek eta sektoreko enpresek ezkutatu nahi dituzten zifrak – argi eta garbi erakusten dute gezurretan ari direla".

Amaitzeko lehendik esana zutena azpimarratu nahi izan dute ELAtik: "Alarma-dekretuaren hasieran esan genuen, guztiz beharrezkoa zela erresidentzietan langile gehiago kontratatzea, testak egitea eta norbera babesteko ekipamendu osoak ematea, langileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko. Hala jakinarazi genien Estatuko Osasun Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, zein Foru Aldundiei. Gutun bana bidali zitzaien, birusa horrelako arrisku-eremu batean ez zabaltzeko premiazko neurriak hartzeko eskatuz". ELAk deitoratu du lau herrialdeko egoitzetan egindako ikerketa baten emaitzek agerian uzten dutela eskaera horiek ez direla aintzat hartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!