Mundua eraldatzeko bilduma

Ikasgelan pilatutako ohartxoekin bilduma bat osatu, eta Hezkuntzaren Soziologia liburua kaleratu berri du Joxi Imaz Bengoetxeak. Hain justu, izen bera duen graduko irakaslea da EHUn. Ibarran jaio zen, eta Iruran bizi da. Hezkuntza “fenomeno soziala” dela irakasten saiatzen dela azaldu du, “garaian garaiko gizarteari eta faktore sozialei lotuta dagoelako”.

Ideia horri heldu zion liburua idazteko. “Hezkuntza ez da norbere dohainak bilatu eta garatzen laguntzeko tresna. Izateko, sentitzeko eta pentsatzeko rol, arau eta balioak erakustea da hezkuntza; gizarte eta kultura batean bizitzeko prestatzeko tresna da”.

Behin eta berriz aipatu izan da ikasketa emaitzek lotura zuzena dutela gizarte klaseekin; eskola porrota dago atzean. Imazen ustez, gaur egun ideia hori eraldatzea da soziologoen erronka nagusietako bat. Hezkuntza gizartearekin duen harremanetik aztertu beharra dagoela dio. “Etxetik jakinda doana saritzen du eskolak, eta ezinezkoa da irakasleen haurrek beti etorkinek baino emaitza hobeak lortzea. Horrekin konformatuko gara?”.

Soziologiak hezkuntzaren azterketa zientifikoari egindako ekarpen nagusiak jasotzen ditu liburuak. “Soziologiak hiru korronte nagusi bereizten ditu”, Imazek azaldu duenez. Batetik, “giza kapitalaren teoria” dago: “Hezkuntzaren bidez, lanerako prestatzeko inbertsio bat egiten da, sistemak merituen bitartez funtziona dezan”. Bestetik, “korrespondentziaren teoria”: “Aurrekoa tranpa bat dela, desberdintasun sozialak ez direla aldatzen, eta eskola kapitalismoaren tresna bat dela diote horiek”. Eta, azkenik, “eraldaketaren teoriak” daude: “Hezkuntzak mundua eraldatzeko balio duela dio teoria horrek, eta botereak hezkuntza kontrolatzeko interes handia badu, zerbaitegatik dela. Horren aldekoa naiz ni”.

Liburua Hezkuntzaren Soziologia graduko ikasleentzat, Irakasle Eskolakoentzat edota hezkuntzan interesatuta dagoen edonorentzat oso baliagarria izan daitekeela uste du egileak. “Paulo Freire hezitzaile brasildarrak esan bezala, kontzientziazioa lantzeko erabili beharko genuke hezkuntza, mundua ikuspegi kritiko batetik begiratzeko. Alfabetatzea ez da soilik idazten eta irakurtzen jakitea, eta hezkuntza arloko langileak ez dira soilik klaseak dinamizatzen dituzten teknikariak”.

Hezkuntzaren izaera soziala aztertzea eta hezkuntzak eraldaketa soziala bultza dezakeela konturatzea dira liburuaren helburu nagusiak. “Gizarteak markatzen digun rolarekin jokatzen dugu, eta askotan horretara egokitzen amaitzen dugu, hezitzaileak erabakitakoaren arabera. Kontuz ibili behar da estereotipoetan ez geratzeko, ijitoekin gertatzen den bezala”. Imazek bere garaiko arazo sozial nagusiez ere hitz egiten du liburuan. “Mundu mailako desberdintasunak jasotzen ditut liburuan, desberdintasun ekonomikoak eta arazo ekologikoak tartean. “Elkartasunean oinarritutako mundu bat nahi badugu, gure bizitza estiloa zalantzan jarri, eta eskolan informatu eta kontzientziatu beharko litzateke”.

Gaur egun kapitalismoa nagusi dela eta horri buruzko kritikarik apenas egiten dela ere nabarmendu du Imazek. “Ez da azpimarratzen benetako botere gatazkak daudela, eta folklorismoan erortzen gara. Inperialismoari eta kapitalismoari buruz hitz egin beharko litzateke, injustiziak ezagutzeko. Euskal Herrian zapalkuntza linguistiko, kultural eta nazionalez hitz egin beharko litzateke, identitatearen gatazka handia baita. Gurea ez da hizkuntza txikia, indarkeriaren bitartez kanpoko presioek txikitu dutena baizik”. Azkenik, generoari buruz ere mintzatu da liburuan. “Gizarte matxista batean, patriarkatu batean bizi gara, eta lotsagarria da hanka tartean zentimetro batekin edo birekin jaiotzeagatik bizitzan aukera gehiago izatea”.

Pantailen kultura

Hezkuntza eskolaz eta irakasleez harago doan fenomenoa dela aldarrikatu du Imazek. “Profesionalki, pedagogoek eta gizarte hezitzaileek ere hezkuntzan egiten dute lan, oso garrantzitsuak diren alorretan: aniztasun funtzionalean eta bazterketa sozialean. Baina inoiz ez dira izango irakasleak, eta ez dute beharrezko aitortza sozialik izango”. EHUko irakaslearen hitzetan, hezkuntzaren arloan lan egiten dutenek ez dute lotsatu behar autoritate bat izateaz. “Inposizio hitza, agian, itsusia da, baina beti ari gara balio, arau eta ideiak irakasten, baita mundua hobetzen saiatzen garenean ere”.

Imazek garrantzi handia ematen dio pantailen kulturari ere. Pantailak ikusten ikastea eta pantailak ikasteko erabiltzea ezinbestekoa dela dio. “Gaur egun, eskolan baino ordu gehiago igarotzen ditugu pantailei begira. Kontuz ibili behar da, mundu berri bat delako. Funtsezko gauzetarako gakoak galtzen ari gara, eta belaunaldi berriek, memoriarik indartsuena poltsikoan daramatela jakinda, zalantzan jartzen dute beren buruaren garrantzia”. Imazen esanetan, adibidez, guztiek jakin beharko lukete Gernika zer izan zen. “Ez du balio zerbait jakin behar dugunean une oro pantailei galdetzeak. Informazioaren gizartean bizi garela diote askok, baina informazioa ez da automatikoki ezagutza bihurtzen, eta ezagutzaren gizartean ez gaude denok. Dagoeneko ezagutza dutenak ikuskizunaren munduan geratuko direnek baino zuku handiagoa aterako diote informazioaren gizarteari”.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!