Kirolari profesionalei lan hitzarmenetan eragiten ari zaie alarma egoerak ezarri duen konfinamendua. Pilotaren mundua da horietako bat. Eskuzko pilota kudeatzen duten bi enpresek enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak jarri dizkiete pilotariei. Eskualdeko Iñaki Artola, Jokin Altuna, Erik Jaka, Jon Ander Peña, Jon Erasun, Xabi Tolosa eta Beñat Urretabizkaiari eragiten die neurri horrek. Erremonteko pilotariei, berriz, ez diete luzatu lan hitzarmena, eta horietako bat da Patxi Zeberio elduaindarra.
Baiko enpresan dagoen Iñaki Artola alegiarrak dioenez, «orain langabezian gaude, honek guztiak irauten duen bitartean. Pilotariok partidaka kobratzen dugu; guretzat, beraz, kobratzeko garrantzitsuena partidak jokatzea da». Espedientea izan edo ez, galera izango zutela gaineratu du Artolak, partidarik ezin dutelako jokatu. Espero du osasun krisia bukatzean, berriz ere martxa normalean jarraitzea: «Eskuzko pilotak badu nahiko egitura honi buelta emateko».
Erremontean hiru hilabetez behin joaten dira hitzarmenak egiten, eta azkena martxoaren 31n bukatzen zen. «Hasieran aldi baterako erregulazio espedienteak egiteko asmoa zegoen, baina azkenean ez zela posible, eta erabaki da hitzarmen guztiak bertan behera uztea», esan du Zeberiok. «Bakoitza bere kontratuak aztertzeko martxoaren 25ean elkartu behar zen enpresarekin, baina jarduera lehenago eten zen. Nik uste dut denontzat hobea dela horrela, irtenbide gehiago ez zegoelako». Enpresaren asmoa erremonteari jarraipena ematea dela esan du: «Eusko Jaurlaritzarekin eta publizitatea jartzen duten enpresekin bileratan ari ziren, eta inongo okerrik ezean, esperantza behintzat bada jarraitzeko».
Entrenamenduei dagokienez, Artola egunero hogei minutuz aritzen da eskuak egiten garajean: «Hala ere, biguntzen ari direla ikusten dut». Bestalde, aitaren jaiotetxea den baserrira joaten da tarteka: «Animaliak ditugu eta txandaka joaten gara, eta hori aprobetxatzen dut bertan serie batzuk, esprintak-eta, egiteko». Etxean ez du material handirik: «Baloi medizinal bat dut eta horrekin egiten dut zerbait, baina bestela gorputzaren pisuarekin egin daitezkeenak, flexioak-eta». Zeberiok, bere aldetik, aspaldidanik du etxean gimnasio txiki bat muntatuta. «Bestela ez dut asko erabiltzen, baina orain txinparta ateratzen ari natzaio. Hau bukatzen denean, frontoia ere egin beharko da, ordu batzuk sartu eta abiadura berriz hartu».