Ahal diren txapelketa gehienak egin nahi ditu pilota federazioak

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 7a, 18:50
Iazko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren aurkezpena

Hasita zeuden 18 txapelketa eten egin dira eta beste hamar hasteko zeuden, tartean Herriartekoa.

Hainbat txapelketa eten zaizkie eta beste batzuk hasi gabe ditu Gipuzkoako Pilota Federazioak, konfinamendua dela eta. Andoni Lertxundi tolosarra da federazioko lehendakaria eta ahal dituzten txapelketa gehienak amaitzea dela beraien asmoa azaldu du. Herriarteko txapelketa nabarmendu du: «Guretzako ospe handiena duena da. Maiatzean hastekoa zen eta bertan behera geratu da oraingoz». Egin ahal izateko txapelketaren formatua aldatu daitekeela gaineratu du: «Herriartekoa joan-etorriko norgehiagokak jokatuz egiten da, eta agian ikusi egin behar dugu kanporaketak partida bakarrera jokatzeko aukera».

Federaziotik martxoaren 12an bidali zieten idatzi bat klub guztiei, egoeraren aurrean, txapelketa guztiak bertan behera geratzen zirela esanez. Bide batez, entrenamenduak bertan behera uzteko aholkua eman zieten. Egun batzuetara etorri zen konfinamenduaren agindua. Hasita zituzten 18 txapelketa, horietatik 11 Gipuzkoako Txapelketakoak eta beste zazpiak Udaberri Sarikoak. Bestalde, hasteko zazpi ziren Gipuzkoako Txapelketak eta beste hiru Udaberri Sariak. «Ez dakigu noiz bukatuko ditugun txapelketak, edo bukatzerik izango ditugun», dio Lertxundik. «Hasita daudenei behintzat erantzun bat eman beharko diegu. Egoera normaltasunera bueltatzean, txapelketaz txapelketa aztertu beharko dugu».

Bestalde, federazioen arteko Grabni txapelketa ere bertan behera geratu da. «Gipuzkoako selekzioarekin jokatzen dugun txapelketa bakarra da. Guretzako ere oso garrantzitsua da. Baina dena ikusteko dago. Txapelketa asko pilatzen ari zaizkigu, eta batzuei ezezkoa esan beharko zaie», esan du Lertxundik.

Pilota elkarteekin harremanetan jarraitzen du federazioak eta etxean pilotariek ariketak egiteko bideo bat bidaltzen diete, Iraitz Olaetxeak prestatutakoa. Bestalde, bulegoak itxita dituzte, eta telelana bitartez ari dira. Lertxundi Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteko lehendakari-ordea ere bada. Klubeko bazkideei ez diete kuota kobratuko egoerari buelta eman arte.

TXAPELKETAK

Hasita, amaitzeke

Gipuzkoako Txapelketa. Federatuak: joko garbia eta trinketa paleta neskak 2. maila. Errendimendua: zesta-punta infantila, eskuz binaka alebinak, eskuz binaka infantilak 1. maila eta 2. maila. Eskolartekoa: Txapelketa denak, zesta-puntan, eskuan eta paletan. Egokitua: adimen urritasuna paleta binaka eta gurpil aulkia.

Udaberri Saria. Federatuak: eskuz binaka kadetea 1. maila, 2. maila eta 3. maila; eskuz binaka jubenilak 1. maila; eskuz binaka nagusiak 1. maila eta 2. maila; gomazko paleta nagusiak 2. maila.

Hasi gabe

Gipuzkoako Txapelketa. Federatuak: zesta-punta banaka, eskuz banaka 4 1/2 neskak, eskuz banaka 4 1/2 mutilak, Herriartekoa, eta trinketa paleta neskak 1. maila. Errendimendua: berezkoak alebina eta berezkoak infantila.

Udaberri Saria. Errendimendua: eskuz binaka alebinak, eskuz binaka infantilak 1. maila eta 2. maila.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!