Pribatizazioa eta murrizketak salatzeko protesta deitu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko api. 7a, 10:00

Tolosaldeko Asanblada Feministak, Onekak eta Lurgatzek, gaur, 20:30ean eltze jotzera deitu dituzte herritarrak, Osasunaren Nazioarteko Egunean.

Eskualdeko talde feministek osasun publikoaren pribatizazioan jarri dute arreta gaur ospatzen den Osasunaren Nazioarteko Egunean. «Bizi dugun egoeraren erantzule bakarra ez da koronabirusa, gaurkoan pribatizazioa jarri nahi dugu lehen lerroan», esan dute. Bide batez, gaur 20:30ean, etxeetako balkoietara ateratzeko deia luzatu diete herritarrei, kalitatezko osasun publiko eta unibertsala eskatzeko eta pribatizazioa eta murrizketak salatzeko.

Talde feministek nabarmendu dute, osasungintza publikoan egindako inbertsioa jaisten joan dela azken urteetan Espainian eta Hego Euskal Herrian eta Tolosako Asuncion klinikaren adibidea aipatu dute: «TOPA plataforma egoera salatzen ari da aspalditik eta 2004tik Madrilen osasun publikoaren pribatizazioaren aurka lanean diharduten medikuez osatutako mugimendu sozial zabala dabil borrokan. Argi esaten digute: muturreko egoera honetara baliabide eskasiak eraman gaitu».

Hego Euskal Herrian osasungintzako langileak egiten ari diren ahalegina aitortu dute feministek, baina aipatu dutenez, «baliabide material eskasiak ez die nahi duten lekura iristen uzten eta egunerokotasunean arriskuan jartzen dute beren burua».

Tolosaldeko Asanblada Feministak, Onekak eta Lurgatz Talde Feministak uste dute egoera honek pertsona oro kolpatzen duela, baina emakumeak oraindik ere egoera lazgarriagoa bizi dutela. «Pribatizazioak bereziki eragiten digu guri, neurri handi batean emakumea* baita zaintza lanak, etxearena eta familiarena, bere gain hartzen dituena. Lehenaz beste, okerrera egin du emakumeen* egoerak krisi honetan». Horregatik deitu dituzte, gaur 20:30ean, Osasun Publikoa, Osasuna ez da saltzen, defendatzen da lelopean lapiko-protestak.

PENTSIODUNEN ATXIKIMENDUA

Gaur iluntzerako deituta dagoen protesta ekitaldiarekin bat egin dute pentsiodunen Gaurgeroa eta Duintasuna elkarteek. Talde feministek egindako irakurketarekin bat datoz pentsiodunak: «Pandemiak egoitzetako defizitak atera ditu argitara. Osasun arloko giza baliabide falta, zaintzarako langile falta edota behar bereziei arreta ez ematea aurretik datozen gabeziak dira», adierazi dute argitara eman duten oharrean. Are gehiago esan dute: «Covid-19 delakoarekin bizi dugun dramak erakusten digu zenbait gobernarirentzat alde batera utzitako gizartearen zati bat garela».

Gipuzkoako egoitzetako langileen borroka gogoratu dute pentsiodunek eta kolektibo honi esker ona adierazi diote, «egiten ari diren ahaleginagatik». Gaurgeroa eta Duintasuna elkarteek aipatu dute, kasu askotan, babes materialik gabe ari direla adinekoen zaintzan. Bestalde «justuak eta bidezkoak direlako», Gipuzkoako Senideak elkartean biltzen direnen aldarrikapenak babestu dituzte pentsiodunek, «bat eginda borrokatu dutelako adineko pertsonak zaintzeko eta babesteko».

Bukatzeko, egoera guzti honek Gipuzkoako Foru Aldundiari zer pentsa eman beharko liokeela uste dute pentsiodunek. Hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatu diote aldundiari: «Pertsonen lehentasunak lehenetsiz, aurrekontu handiagoa bideratu dezatela adineko pertsonentzako egoitza publikoetara. Covid-19ak irakaspenak ateratzeko balio behar du, eta bat hori da: lehentasuna ez ematea kostu ekonomiko handiko azpiegiturei, pertsonen eskubideen gainetik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!