Pasa den astean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera egin zuen probintziako zenbait alkaterekin. Besteak beste, zenbait neurri berri hartu zituztela jakinarazteaz gain, alkateei ohartarazi zieten aldundiak %20-25 inguru gutxitu beharko duela Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, krisiaren ondorioz zerga bilketan izango den jaitsieragatik. Garrantzi handiko erabakia da, eta galera ekonomiko handiak ekarriko dituena, bereziki udalerri txikienen kasuan, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen baitute.
Haserre daude eskualdeko udal gehienak, batez ere, guzti hau kudeatzeko aldundiak izandako jarreragatik. “Diru gutxiago datorrela? Moldatuko gara”, dio Alegiako alkateak. Alegiakoa, ordea, ez da kasu bakarra. Igor Zapirain Ibarrako alkatea saiatu zen bileran izaten, baino konexio arazoak medio ezin izan zuen parte hartu. “Nahiz eta oraindik kalkulurik ez egin, aurrekontuan sekulako eragina izango du. Buruhauste eta gastu handia suposatuko du” dio.
Bestetik, Alkizan, 602.000 eurokoa da 2020rako aurrekontua. Neurri berri honen ondorioz, gutxi gorabehera, %17 jaitsiko da. “Gurea bezelako herri batentzako hondamendia izan daiteke, gure sarrerak 85.098 euro murriztuko direlako, gutxienez”, dio Iñaki Irazabalbeitia alkateak. “Diru sarreren %56 inguru Foru Funtsetik lortzen da, eta beraz, gastu arruntak ordaindu ezin izatera heldu gaitezke. Ez naiz inbertsioez ari, ezta kultur jarduerez ere, langileen soldatez, ur eta elektrizitate horniduraz eta zabor tasez baizik. Jarduera ekonomikoko zergaren ekarpena barregarria da, eta kontuan hartu behar da herritarrek ur- eta zabor-tasak oso-osorik ordaintzen dituztela, ez dago beste herri batzuetan bezalako diru-laguntzarik”.
Aldundiak, oraingoz, ez die kopuru zehatzik eman udalei. Iazko urrian aurreratu zuen aurten 526 milioi euro banatuko zituela udalen artean, eta 2021ean, 536 milioi. Komunikabideetara bidalitako ohar batean, aldundiak dio Markel Olano diputatu nagusiak alkateei eskatu ziela "zuhurtziaz" jokatzeko, aurreikuspenen arabera balitekeelako datozen hilabeteetan diru bilketa jaistea, eta horrek berekin ekar baitezake "baliabideak murriztea" erakunde maila guztietan, "Jaurlaritzatik hasi eta udalerrietaraino".
Hala ere, udaletan, jakitun dira gauzatzeko aurreikusita zituzten proiektuak berraztertzeari ekin beharko diotela. “Legealdi honetarako gure proiektu izarra, Euskara Barnetegia berreskuratzea zen, eta noski, hori baztertu egin beharko dugu. Bestetik, ez dugu etxebizitza berriak egiteko aukerarik, horretarako plan orokor berria egin behar delako. 2021eko inbertsioen zati bat, horretara bideratuta dago. Hemendik 8-10 urteetara, herrian dauden nerabeek bertan jarraitzea nahi badugu, horientzako etxebizitzak egin behar ditugu”. Alkizako biztanleriaren %25ak ditu 20 urte baino gutxiago. “Kezkagarria da gazteek non geratu ez dutela ikustea. Gure herriak etorkizuna izan nahi badu, inbertsio horiek ezin ditugu albo batera utzi”.
Bestetik, erabaki honek legealdi hasieran harrapatu dituela nabarmentzen du Zapirainek. “Berrantolatu egin beharko ditugu aurreikusita genituen proiektuak, eta zenbait gauza bere horretan utzi beharko dira”. Bakarne Otegi Ikaztegietako alkatea ez zen bileran izan, baina jakitun da erabakiaz. “Ez dugu proiekturik albo batera utziko, ez direlako oso handiak izaten. Hala ere, zenbait gauzei lehentasuna eman beharko diegu”.
Kasuan kasuko azterketa
Alkateekin "komunikazioa indartzeko" nahia agertu zuen Olanok, datozen hilabeteetan "ezohiko" egoera bati aurre egin beharko diotelako. "Gure inguruan sentitzen hasiak gara egoera honek ekarriko dituen hainbat ondorio sozial eta ekonomiko. Modu koordinatuan eragitea eta lan egitea, horixe da krisi honen aurrean gizartea eta enpresak babesteko modurik eraginkorrena", azpimarratu zuen diputatu nagusiak.
“Aldundiak ezin izango digu Foru Funtsen bitartez nahiko genukeen kantitatea eman, baina beste formula batzuk bilatu beharko lituzke. Autonomoen eta enpresa txikien kasuak aztertu behar dira, eta horiei laguntzak eman. Une honetan, gurea bezalako udalek arazoak dituzte maileguak jasotzeko, eta guk agian beharko ditugu, behintzat gastu arruntak ordaintzeko” azaltzen du Irazabalbeitiak. “Diru-sarreren galera Foru Funtsetik harago joango da, eta hori hondamendia izan daiteke industrialderik ez dugun landa guneko herrientzat”, dio. Zapirainek ere merkatariak ditu hizpide. “Merkataritza aldetik kolpe handia izango da herriarentzat. Autonomoen kasua ere aintzat hartu beharko da, langabezia-tasak gora egingo du, eta behar gehien duten familien kopurua ere areagotu egingo da”.
Hobekuntza marjina izan dezaketen udalei eta izan ez dezaketenei ahalegin berdina eskatzea ez zaie egokia iruditzen eskualdeko alkateei. “Herri bakoitzak bere egoera ekonomikoa du, eta hori ere kontuan izan beharko litzateke”, dio Otegik. “Bakarka aztertu beharko lirateke udal bakoitzak dirua biltzeko dituen ahalmenak eta egiten dituen ahaleginak, diru-sarrera desberdinak ditugulako”, dio Irazabalbeitiak. Errealitate guztiak desberdinak dira, ibarraren kasuan adibidez, 2019ko superabitari esker, egoera beste modu batera aztertu eta aurreikusi dezakegu. Hala ere, gerrikoa estutu beharko da, zalantzarik gabe.
Udalei zuzendutako mezua “oso argia” izan zela azpimarratzen du Irazabalbeitiak. “Eginda dauden diru-laguntza deialdiak ez dira etengo, baina aldaketak egongo dira, eta horiek, deialdi ezberdinen izaeraren araberakoak izango dira. Baina, deialdietan proiektuak aurkezteko asmoa genuen udalek, ezin izango ditugu aurkeztu”. Berak, alkate askok bezala, zalantzak ditu zenbait konturekin: “Zer pasako da zenbait udalek, gureak esaterako, finantzatzen ditugun zerbitzuekin eta inbertsioekin?”. Orain, horiek argitzea dagokio Foru Aldundiari.