Koronabirusa

Oporrak Bakean programa, bertan behera

Ataria 2020ko apirilaren 6a

Udan haur sahararrak harreran hartzeko Oporrak Bakean programa bertan behera utzi behar izan dute Covid-19ak sortutako egoera dela eta, Espainiako Saharako Ordezkaritzak esan duenez. Tolosaldeko Oporrak Bakean programako arduradunek esan dute kezkatuta daudela. 

Mundu osoan ematen ari den egoera dela eta 2020ko udarako Oporrak Bakean programa ez egitea erabaki dutela esan du Espainiako Saharako Ordezkaritzak. Erabakia "mingarria" izan dela esan dute, baina euren ustez erabakirik egokiena dela adierazi nahi izan dute. Hala ere, saharar herria indartsu eta bateratuta dagoela esan du, "irmo dago horrenbeste sakrifizio eskatu dizkion helburu zintzoak lortzeko". 

Tolosaldeko Oporrak Bakean programaren koordinatzaileak, Ana Traperok, esan du kezkatuta daudela: "Orain kezkatzen gaituena da haurrek nola pasako duten uda kanpamentuetan bertako uda gogorreko baldintzetan". 

Fronte Polisarioak esan du jakitun dela elkartasun mugimenduak  "konpromiso  politikoa, moral eta humanitarioa" eskatzen duela eta lanean jarraituko duela haurrek uda honetarako dituzten behar anitzak asetzeko programa alternatibo bat aurkitzeko. Errefuxiatuen kanpalekuetako haurrek bizi duten muturreko egoera arindu behar dela ere esan du. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!