Sare Herritarreko kide diren Joseba Azkarragak, Iñaki Lasagabasterrek eta Ramon Zallok euskal presoen osasun eskubidea "arrisku larrian" dagoela uste dute eta biharko Osasunaren Nazioarteko Egunaren harira gogoratu dute presoek ere osasunerako eskubidea dutela. Tolosaldeko Sare Herritarrak ere bat egin du plazaratu duten oharrarekin, eta esan dute "presoen osasunerako eskubide unibertsal eta utziezina aldarrikatzea erantzukizun kolektiboa" dela.
Azkarraga, Lasagabaster eta Zallok azaldu dute Diputatuen Kongresuko taldeekin bildu zirela pasa den martxoaren 10ean eta 11n, Sareren izenean. "Bilera adeitsuak izan ziren, eta esateko geneukana entzun eta aditu zuten. Gure mezuaren bidez, euskal presoen larrialdi-egoerari buruzko ohartarazpen bat egin nahi izan genien, gaixotasuna, urruntzea eta gradu-aldaketa direla-eta. Egoeraren larritasunak kezka sortu zien gure solaskideei".
Pandemia egun horietan ari zen zabaltzen Madrilen eta arrisku-taldeak kontzeptua "biral" bihurtzen hasia zela gogoratu dute, "talde horien artean bereziki zaurgarritzat jotzen ziren adineko pertsonak. Bada, espetxean dauden pertsonek txartel guztiak dituzte: adin handia, gaixotasun oso larriak, senideengandik urrun, informazioaren opakutasuna…, eta, orain,
konfnamendu bikoiztua bihurtu den berrogeialdi hau."
Osasunaren Nazioarteko Egunaren astea den honetan egoera hori gogora ekarri nahi izan dutela esan dute, "osasunerako eskubidea bizitzeko eskubidea da, preso daudenena ere". "Espetxeak erabat oztopatzen du osasun-tratamendu egokia izatea, eta laburtu egiten du gaitz larriak dituzten pertsonen bizi-itxaropena. Horrez gainera, urratu egiten da, baldintza horietan egonda, zigorra etxean betetzeko duten eskubidea", gaineratu dute.
Horiek horrela legea betetzeko eskatu dute, "besterik ez". "Espetxean hiltzea ekiditeko. Zuzenbidearen kontrakoa da espetxean mantentzea; eta Zuzenbidearen
kontrakoa da, erabat bidegabea delako, Estatuaren krudelkeria. Presoen osasunerako eskubide unibertsal eta utziezina aldarrikatzea erantzukizun kolektiboa da; pandemian lein motiv osasuntsua izan den batak bestea zaintzearen zati bat da, ezinbestekoa gizarte demokratiko batean. Bizirik eta etxean nahi ditugu".