2023ko Korrikara begira jarri dira

Ataria 2020ko apirilaren 6a

AEK-k, Korrika Kulturalaren bidez, kultur sorkuntzarako beka bat eskainiko du bi urtetik behin. 23. edizioko Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia izango dena zehaztu nahi dute. 

AEK aurrera begira jarri da eta Korrikako kultur eskaintza berritzeko urrats berri bat eman du. Bi urtetik behin Korrika Kulturalerako sorkuntza beka bat aterako duela iragarri du, eta lanak urtarrilera bitarte aurkeztu ahal dira. Lan horiek ez dira hurrengo Korrikarako izango hala ere, hau da, 2021erako, 2023ko Korrikarako baizik. 

Euskal sortzaile guztiek dute bekara aurkezteko aukera eta proposamenean hainbat diziplina edo bakarra hartu daiteke kontuan, baina aurkezten diren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. Aurkezten diren sormen- lan horiek izan ahalko  dira beraz, 23. Korrika Kulturaleko ekitaldi nagusia. 

Beka 23.000 euroko izango da, eta 23. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko dute, 2022ko azarotik 2023ko apirilera bitarte. Bekaren ezaugarriak www.korrika.eus webgunean ikusi daitezke, eta urritik urtarrila bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak. 

Azalpen gehiago bideo honetan:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!