Eusko Jaurlaritzaren (Ekonomia Garapena eta Azpiegituren Departamentua) eta Nafarroako Gobernuaren aurka jarri dute salaketa bi sindikatuek. Hain zuzen ere, sindikatuok iritzi dute bi gobernuek martxoaren 31n argitaratutako 'argipen oharrekin' lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituztela, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko.
Salaketak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Gizarte Gaien Auzitegian jarri dituzte. Bi sindikatuek eskatu dute bi gobernuen 'argipen oharrak' (oinarrizkoak ez diren zerbitzuak eskaintzea ahalbidetzen dutenak) 24 orduko epean eten daitezela, kautelazko neurri gisa: "Bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, Errege Dekretua urratuz (oinarrizkoak ez diren jardueren etena) eta oinarrizkoak ez diren beste industria zerbitzu eta jarduerak eskaintzea bideratuz (langileak euren lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarriz eta pertsona hauek besteak kutsatzea ahalbidetuz), modu honetan alarma egoeraren printzipio nagusiak hankaz gora utzita", azaldu dute.
Honela, ELA eta LAB sindikatuek honakoa exijitzen dute salaketan:
- [1] Ebatzi dadila Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako industria sektoreko langileen osasuna, bizia eta integritate fisikoaren eskubidea urratu dutela.
- [2] Ebatzi dadila gobernuen 'argipen oharrak' baliogabeak direla, legez.
- [3] Zigor daitezela bi gobernuak sententzia honen edukia argitaratzera, 'argipen oharrak' argitaratu zituzten hedabide berdinen bitartez.
- [4] 'Bi argipen oharrak' eten daitezela kautelazko neurri gisa, 24 orduko epean.