Koronabirusa

Orain arteko igoerarik txikiena: positibo bakarra

Ataria 2020ko apirilaren 6a

Osasun Sailak atzo 20:00ak arteko datuak zabaldu ditu. Eskualdeko 17 herritan daude positibo kasuak. EAEko herri kutsatuenen artean dago Tolosa.

Covid-19 birusagatik kutsatutako eskualdeko herritarren kopuruak gora egiten jarraitzen du, baina orain arteko igoerarik baxuenarekin, positibo bakarra egon baita. Hori, Tolosan izan da. Guztira, beraz, 186 dira kutsatuta dauden herritarrak, beti ere Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera.

Asuncion klinikari dagokionez, solairuetan ospitaleratuta 22 gaixo daude; atzo baino bi gutxiago. Osasun sailak emandako datuen arabera, bakar bat ere ez dago ZIU-n (Zainketa Intentsiboetako Unitatean). Atzoko egunez alta bat egon zen.

Koronabirusa antzeman den guneetan egindako azterketa baten arabera, Tolosa herri kutsatuenen artean kokatzen da. 100.000 biztanleko egiten den bataz bestekoa kontuan izanda, EAEn positibo-tasa altuena duen lekuetako bat da, %0,4rekin, Gasteizko Abetxuko auzoaren (%1,2) eta Balmasedaren (%0,8) atzetik.

Koronabirus kasuak udalerri bakoitzean:

  • Tolosa 96
  • Amasa-Villabona 22
  • Ibarra 18
  • Irura 14
  • Anoeta 12
  • Asteasu 4
  • Zizurkil 4
  • Altzo 3
  • Bidania-Goiatz 3
  • Alegia 2
  • Hernialde 2
  • Aduna 1
  • Alkiza 1
  • Belauntza 1
  • Berastegi 1
  • Leaburu-Txarama 1
  • Lizartza 1

Grafikoak eta informazio gehiago Berria.eus webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!