Ipuinak ez dira geldituko

Gurean ere ipuinek jarraipena dute

Ataria 2020ko api. 3a, 19:56

Aurtengo Ahoz Aho jaialdia larunbatean bukatzekoa zen, eta baita egoerak behartuta abian jarri duten Ipuinak ez dira geldituko! ekimena ere, baina izan duen harrera ona ikusita luzatzea erabaki dute. ATARIAk ere ipuinak zabaltzen jarraituko du.

Ipuin kontalari askok egin dute bat Intujai Teatro taldekoek osasun krisiarekin abiarazi zuten ekimenarekin. Ahoz Aho Ahozkotasunaren jaialdian gaztetxo nahiz helduentzako ipuinak zabaltzen dituzte urtero, eta aurten, ohiko eszenatokietan egin ezin zutela ikusita erabaki zuten etxe guztietara ipuinak iristeko modua egitea. Horrela sortu zuten Ipuinak ez dira geldituko! ekimena, eta berehala hasi ziren bateko eta besteko narratzaileak ipuinak bideoz grabatu eta partekatzen.

Bada, 100dik gora ipuin jasota, gustura daude antolatzaileak, eta berez larunbatean aurtengoa bukatutzat eman behar bazuten ere, jarraipena ematea erabaki dute, "inoiz baino beharrezkoago" ikusten dutelako gisa honetako ekimenak aurrera ematea, "bereziki etxeko txikienei begira". Hala, May Gorostiaga Intujai taldeko kideak azaldu duenez, aurrerantzean egunean bideo bat partekatuko dute 11:00ak aldera, eta nahi duen orok parte hartzen jarraitzeko deia egin du: "Kontatzeko gogoz geratu bazara, aprobetxatu eta bidali zure bideoa". Bideoa grabatu eta Intujai teatroren Facebook orriarekin partekatzea nahikoa da ekimenarekin bat egiteko.

TOLOSALDEKO ATARIA-k hasieratik babestu du ekimena, eta webgunean zabaldu ditu bideoak egunero, irratian entzungai izan dira eta baita irakurgai ere egunkarian. Eta, bide beretik jarraituko du datozen egunetan ere. Webgunean 08:00etan eta 09:00etan ipuin bana zabalduko du asteburuetan, eta 09:00etan astegunetan, egunkarian azken orrian irakurtzeko aukera izango da, eta irratian, 19:00etan ipuin sorta izango da entzungai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!