Ilusioz sartu dira selekzioan

Imanol Garcia Landa 2020ko api. 2a, 19:59

Sarah Ugarte eta Iñaki Olano mendi lasterkariak euskal selekzioko partaide berriak dira. Olanok dagoeneko jantzi du elastikoa proba batean, baina Ugartek oraindik ez du estreinatu ahal izan.

Euskal Herriko Mendi Lasterkarien Selekzioan eskualdeko bi korrikalari sartu dira aurten, Sarah Ugarte tolosarra eta Iñaki Olano altzotarra. Aurretik hainbat urtetan ari den Hassan Ait Chaou billabonatarra ere bertan dago. Ugartek eta Olanok ilusioz hartu zuten selekzioaren deia eta konfinamendu egoera honetan motibazioa izaten ari da beraientzako bertako parte izatea.

Ugartek ez zuen espero selekzioaren deia jasotzea. «Oso kontentu nago, oso motibatuta. Betidaniko ilusioa da euskal selekzioan egotea. Konfinatuta gauden garai honetan oso motibatuta nago, eta horregatik da, selekzioan egotea oso garrantzitsua delako niretzako».

Olanok «ilusio handiaren» hartu zuen selekzioaren deia. «Amets bat da niretzat. Euskal Herriko Selekzioa hor ikusi dut beti, oso urruti. Aurreko urtean txukun sentitu nuen neure burua lasterketetan, postu onak egiten nituen, baina ez nuen espero inondik inora». Selekzioaren deiak «beldur pixka bat» ere eman zion: «Maila emango ote dut, begi gehiago dituzu begira... Gure herria ordezkatzen ari gara eta erantzukizun bat ere sentitzen duzu. Kezka horiek ere azaldu nizkien selekziokoei, eta beraiek animatu egin ninduten, eta baiezkoa eman nuen zalantzarik gabe. Pauso handi bat izan da nire ibilbidean. Ea orain maila ematen dudan eta beraiek emandako konfiantza hori bueltatzeko gai naizen».

Selekzioak eskatzen die proba jakin batzuetan parte hartzea, tartean Espainiako Kopako probak eta Espainiako Txapelketa. Horretaz aparte, selekziotik emandako egutegiarekin bat egiten ez duten eta korrikalariek parte hartu nahi duten probetara joan daitezke. Olanok dioenez, «gustura ibiltzen naiz hemen inguruko probetan parte hartzen eta aurten gutxiago ariko banaiz ere, aukera izango dut horretarako».

Konfinamendu egoera dela eta, bertan behera geratu dira Espainiako Kopako Malagako eta Naiarako probak. Horrez gain, Zegama-Aizkorri maratoia ere aurten ez dela egingo jakinarazi dute antolakuntzakoek aste honetan. «Ez dakigu noiz hasiko garen lasterketetan parte hartzen, beraz, orain etxean ahal dela erritmoa ez galtzea izango da kontua», esan du Olanok. «Ez dakit zer gertatuko den Espainiako Kopako probekin», esan du Ugartek. «Espero dut proba gehiago jartzea, bestela bi edo hiru lasterketa bakarrik izango dira».

ORAIN ARTEKO EMAITZAK

Olanok aurten hiru mendi lasterketetan parte hartu du eta hirurak irabazi ditu. Lehenengoa Garingo Mendi Lasterketa izan zen. «Niretzako oso azkarra da, oso motza delako, baina irabazi egin nuen eta sentsazio onekin bukatu nuen. Ezusteko polita izan zen». Ondoren, Berastegiko Negu Trail irabazi zuen. «Horra gehiago ibilita joan nintzen. Ibilbidea ezagutzen nuen eta gogoa ere banuen, eskualdean zelako. Lehenengo aldiz irabazi nuen, eta ilusioa egin zidan». Hirugarrengo lasterketa UZ Traileko lasterketa luzea izan zen. «Hor dezente borrokatu nuen proba, eta gogorra izan zen. Erditik aurrera alde egin ahal izan nuen eta bakarrik iritsi nintzen helmugara». Lehen lasterketa izan zuen selekzioaren elastikoarekin. «Ilusio berezia egin zidan elastikoarekin joateak, eta oso gustura lasterketa irabazita».

Ugartek aurten ez du mendi lasterketetan parte hartu oraindik. «Lehenengo proba Jurramendi Trail izango zen, eta astebete lehenago ezarri zuten konfinamendua», esan du. «Selekzioaren elastikoarekin estreinakoa izango zen, eta gogoa nuen, baina ez da posible izan». Denboraldi honetan lehenengo aldiz parte hartu du txakur krosetan Ugartek. Kross txakurrarekin Espainiako Kopan lau probatan lehiatu ziren eta sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu zuten. Espainiako Txapelketan ere hirugarrenak izan ziren. Nafarroako Txapelketan, berriz, lehenengo postua eskuratu zuten; hiru lasterketetatik bi egin zituzten, hirugarrena bertan behera geratu baitzen konfinamendu egoerarengatik. Europako Txapelketara joateko txartela lortzea zen Ugarteren helburu nagusia, eta lortu du. Urrian izango dute hitzordua, Frantzian.

MENDIRA JOAN GABE

Etxean orain arte arrabolarekin ari da entrenatzen Olano. «Ez da gehien gustatzen zaidana, lau pareten artean sartu eta arrabolean aritzea. Ordubeteko saioak egiten saiatu izan naiz azken bi aste hauetan. Gimnasioko ariketa batzuk egiten ere saiatu naiz. Orain korrika egiteko zinta iritsi zait, eta korri egitea eta arrabola tartekatuko ditut». Beste garai batean ilusio gutxiagorekin egongo zela dio Olanok, «baina aurten selekzioarekin gaudela, ilusioarekin entrenatzen jarraituko dut, nahiz eta etxean aritzea ez izan gustukoena. Guk mendian entrenatu beharra dugu, batez ere aldapa gorak eta beherak, eta hori zintan ezin da egin».

Ugartek ere arrabolarekin entrenatzen du, eta gimnasioko ariketak egiten ditu. «Bi ordu inguru egiten ditut egunero, eta kontentu nago, inoiz ez dudalako izan denbora horretarako. Gimnasioa ez zait asko gustatzen, eta orain kontentu nago, indar asko hartzen ari bainaiz hanketan, eta hori garrantzitsua da». Ugartek areto futbolean jokatzen zuen lehen, eta aurre-denboraldian baloia ukitu gabe aritzen ziren hilabetez fisikoa lantzen. «Azkenean burua motibatu, txipa aldatu, eta pentsatu hilabete-edo egongo naizela nire gustuko kirola egin gabe, indarra hartzeko, eta horretan ari naiz».

Pena handiz daude, mendira ezin dutelako joan. «Baina orain gauza garrantzitsuagoak daude, zoritxarrez», esan du Olanok. «Guk afizioz egiten dugun gauza bat da, eta hau guztia bukatzen denean mendia hor egongo da». Ugartek gaineratu duenez, «orain etxean egon behar gara, hau pasatu arte. Orain kirola bigarren mailan dago. Saiatu behar dugu etxean egoten guztia pasatzeko, denok ondo egon, eta berriro kirola egiteko».

Tolosarrak azaldu duenez, konfinamenduaren lehen astean gaizki pasatu zuen: «Ez gaude ohituta bat-batean mendira ez joateko agindu bat izatera. Oso gaizki pasatu nuen. Gero txipa aldatu nuen». Pena handiagoa bere txakurrak ematen dio: «Mendira joateko beharra du. Berari bai kostatzen ari zaiola etxean lasai egotea. Nik egoera ulertu dezaket, baina bera ez da jabetzen. Berarengatik okerrago ari naiz pasatzen nigatik baino».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!