Koronabirusa

Tolosaldean egindako bisera babesleak, udalen eta osasun langileen eskura

Ataria 2020ko api. 1a, 16:05

Tolosaldea Lanbide Heziketako zentroan ere ospitaleetarako bisera babesleak ari dira egiten, 3D inprimagailuak erabiliz. Egunean 250-300 bisera ekoizten dituzte eta inguruko osasun egoitzetara bideratzen dituzte. Udalek ere eskatu ahal dituzte. 

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste lanbide heziketako zentroak bezala, Covid-19ari aurre egiten laguntzeko ahaleginetan ari da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailako Tknika zentroarekin koordinatuta 3D inprimagailuak erabiltzen dituzte osasun arloko langileei bisera babesleak egiteko. 

Tolosaldea Lanbide Heziketako egoitzan ari dira biserak inprimatzen, eta baita Hernaniko zentroan ere, eta horri esker egunean 250 eta 300 bisera inguru egiten dituzte, baliagarriak direnak Osakidetzaren behin betiko onarpena jasoa baitute.

Bisera diseinatzeko, DomoTek enpresako Koldo Artolaren prototipo bat hartu zuten oinarri, izan ere, enpresa horrek 3D inpresioko eta prototipo azkarrak sortzeko zerbitzuak eskaintzen ditu, eta Tolosaldea LHII zentroaren instalazioetan bertan du egoitza. Prototipo hori osasun arloko langileek adierazitako beharren arabera egokitu zuten eta behin Osakidetzako baimena jasota hasi ziren diseinu hori inprimitzen. Onartutako modeloak aurpegi osoa estaltzen duen pantaila dauka, zipriztinetatik babesten du, oso arina da, eta, gainera, oso erraza da garbitu eta desinfektatzeko.

Eskaerak

Ekoizpena bera Ikaslab laborategietan egiten dela adierazi dute eta ekoitzitako biserak banatzeko bi bide jarraitzen dituztela esan dute: Tknikak berak Osakidetzara bideratzen ditu hainbat ale eta zentroak berak zuzenean banatu ditu ere Iurreamendi egoitzan, Asuncion klinikan, Tolosako eta Ordiziako anbulatorioetan, eta Beasaingo egoitzan, besteak beste.  Azken egunetan, berriz, Tolosaldeko udalen esku jarri ditu biserak udalek beraiek banatu ditzaten beren langileen artean eta eskatzen dituzten saltokien artean. Hala, gaur arte 1.700 bisera baino gehiago banatu dituzte, bakoitza bere pantailarekin.

Eskabideak bideratzeko, komunikazioa@tolosaldea.comhelbidera idatzi daitekeela esan dute. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!